Juan Luis Mugertza Unanue

Ilusioa eskegi

Bizitza erritualez beteta dago. Nork bere erritualak ditu, gainera. Egongo da ohe kideari Egun on! esan, eta musu gozo batez esnatuko duenik, txakurra goizean goiz txiza egitera aterako duenik, edota gauza biak egingo dituenik. Ni ohetik altxatu, eta oraindik begiak erdi itxita ditudala, ondoko logelara propio joaten naiz, eta pertsianako uhalari eusten diot gora egiteko, egunsentiaren argi motela etxean sartzeko, eta egunari ongi etorria emateko. Eta orduan hantxe begiesten dut bart gauean, edozein modutan kateatuta, edota edozein eratan bil-bil egondako «askatasun zapia» pertsianako kakoetatik eskegita. Gehienetan, ez dit lan handirik ematen preso egondako trapua askatzen. Izan ere, bakar-bakarrik ez bada, haizeak lagunduta, oso ondo ikasi du bere leloa lau haizetara itxuroso zabaltzen. Hala eta guztiz ere, inoiz eguraldiaren txarrak kuzkurtzen baldin badu, hotza dela, euria dela, ikurraren ertzetatik tiratu, eta betiko itxura harroa hartzen du. Gainera, gure askatasun ikurra ez dago bakarrik, badu lagun gehiagorik. Aurrez-aurrezko etxeetan beste bi daude, eta horrek laguntzen dio elkarren arrimuan presoen egoeraz txutxu-mutxuka aritzen, eta, gaur egun, oraindik Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 217 preso (gizonezkoak, 185; emakumeak, 32) daudela elkarri gogorarazten: 28 Euskal Herrian espetxeratuak, 161 espainiar Estatuko 36 espetxetan, 27 frantziar Estatuko sei espetxetan. Tamaina horretako erritualak baino potoloagoak egongo dira; hori ez dut zalantzatan ipintzen. Eta horretarako, Espainiako Errege Kopako Bartzelona eta Athleticen arteko lehian balkoietan eskegitakoari erreparatzea besterik ez dago ikusteko jende askori futbolaren sentimenduek zer nolako kili-kili eragiten dioten, baina niri ilusio handia egiten dit presoen aldeko ikurra eskegita ikusteak. Gainera, laguntzen dit egunerokoa alaiagoa egiten, beraiengandik gertuago egoten, eta preso gaixoak eta gertukoen sufrimendua gogorarazten. Eta zuri?

Recherche