Irale formazioarekin hartutako neurriaren aurrean, irakasle baten bizipena
Urtarrilaren 12a, asteazkena. Irale formazioko hirugarren eguna. 12:30ak inguruan Iraleko zuzendaritza gelara sartu eta formazioa bertan behera gelditzen zela jakinarazi zigun. Lakuako deia jaso omen zuten, eta irakasle falta zela eta, formazioa egiten ari ginen irakasle guztiak gure erreferentziazko zentroetara itzuli behar ginen. Harridura, nahasmena... hasieran txantxa bat zela pentsatzen genuen. Errealitate gordina barneratzen nuen bitartean, harridura eta nahasmena inpotentzia eta haserrean bilakatu ziren. Nola zen posible aurreikusgarria izan zitekeen seigarren olatu honen egoeraren aurrean neurririk ez planifikatzerik? Hori gutxi balitz, Bildarratz jaunak aurreko egunean berrogeialdia hamar egunetik zazpira murriztean ordezkapenak betetzeko inolako arazorik egongo ez zela jakinarazi zuen. Egoera egonkortzen zegoela esan zuela kontuan hartuta, nola uler liteke hartutako neurria? Ez al litzateke zentzudunagoa sindikatu eta irakasleekin hartu beharreko erabakiak kontrastatzea aldebakarreko neurri hau hartu beharrean?
Formazio guztiak bertan behera utzi beharrean bajak betetzeko ezinbestekoak liratekeen irakasleei soilik dei egin behar lieketela uste dut. Irale formazioak irakaslegoan euskara indartzeko eta euskalduntzea bultzatzeko ezinbestekoak dira. Beste behin argi geratu da hau ez dela gobernu honen lehentasunetako bat.
Irakaskuntza maite dut eta ikasleak beti izango dira nire lehentasuna, baina inprobisazioak eta planifikazio ezak ez du balio. Lanpostuetara bueltatu behar izan gara eta bertan izango gara, baina nekez uler daiteke neurria zerrendetan kontratatu gabe dauden milaka irakasle dauden bitartean... eta ez hori bakarrik, gure ordezkoak beste ordezkapen edo beharrik ezean gurekin geldituko baitira gelan. Ratioak jaisteko ez dut inolako borondaterik ikusi orain arte, baina egoera honi irtenbidea emateko neurri zuzena iruditu zaio Eusko Jaurlaritzari geletan bi irakasle egotea 260 irakasleri formazioa ukatzen zaigun bitartean?
Urtarrilaren 31n egoera hobetuz gero eta ordezkapenak «bermatu» ahal badira formaziora itzultzeko aukera legokela esan zuen Eusko Jaurlaritzak. Egoera honen aurrean, Hezkuntza sailari zintzotasunez jokatzeko eskatzen diot, eta inprobisazioan ibili beharrean ziurgabetasun egoera honi amaiera emateko. Desastre hau bideratzeko garaiz gabiltza. Umorez amaitzeko, bertso honen bidez Eusko Jaurlaritzak gogoeta egingo duelakoan,
Irale ezeztatuz
Covid-a dala (e)ta.
Atsekabe (e)ta tentuz
eskolara buelta.
Batean batera (e)ta
bestean bestera,
esandakoak a(ha)ztu
(e)ta bihar lanera.