Iruña-Veleia: epaia zein izango den badakigu
Koldo Urrutia | Euskararen Jatorria elkartea
17/09/2019

Kolonialismoek herri zapalduen egiturak eta instituzioak egunero suntsitzen dituzte: hizkuntza kolonialeko hedabideen nagusitasuna, euren indar armatuen indarkeria, eta noski, botere judizial kolonialaren atzaparrak, Altsasun, milaka tortura kasutan edo arlo ekonomiko hutsera mugatzen diren ehunka epaitan ikusi dugun bezala.

Horregatik, ez da kasualitatea Koloniako "El País" eta "El Correo"-k epaitegi espainiarraren informazioa beti akusatuek baino lehenago edukitzea eta esan dituzten gezur-mantrak hain landuta edukitzea.

Ez da kasualitatea gaia epaitegian hamaika urtez luzatu izana, praktikan, Eliseo eta Oskar kondenatuz.

Ez da kasualitatea epaitegiak grafitoen dataziorik egin ez izana (gaia ebazteko dagoen aukera bakarra) eta gainera defentsari legez dagokion aukera hori, alegia, proba periziala eskatzeko eskubidea, ukatu izana. Horrekin bakarrik badakigu kondenatuko dituztela, bai ala bai, defentsa zientifiko barik utzi dutelako.

Ez da kasualitatea hedabide askok hasierako faltsukeriaren aldeko 6 txosten etengabe balekotzat ematea, hango argudioak banan-banan gezurtatu dituzten hogei txosten baino gehiago daudenean: ez zen Descartes agertu Miscart baizik, Eliseoren taldeak topatutako eta ezinezkotzat hartutako guztiak balekoak direla: Deidre ezinezkoa? Dendre eta Dedre badaude; Secuano ezinezkoa? Sicuani, Secuanus eta Secuan badaude; pather-ren TH ezinezkoa? virthus, thurarius… badaude; Z letra grezieratik kanpo XV arte ezinezkoa? Donemiliagan ezaguna den «izioqui dugu» badago askoz lehenago... eta horrela guztiak.

Ez da kasualitatea 7 urte eta erdiko espetxe zigorra eta ia 300.000 euroko isuna eskatzen duten Aldundiak eta Jaurlaritzak, Eliseo kanporatu ondoren, hondeamakina batez Iruña-Veleiako hiru eremu aberats suntsitu izana.

Ez da kasualitatea epaitegiak balizko faltsutze arrazoiak bilatu ez izana, ezer berezirik agertu gabe ere, Eliseoren taldeak urte askorako finantzaketa zuelako eta auzi honetan irabazi duten bakarrak bere lekua okupatu duten eta urtero 300.000 jasotzen duten EHUkoak dira edo euskalduntze berantiarraren gezurra babesten dutenak dira edo Madriletik kargu eta dirutza gehiago jaso duten «adituak» dira.

Iruña-Veleiako auzia euskeraren, zuzenbide piriniarraren eta gure burujabetzaren aurkako zuzeneko erasoa da, eta, noski, izugarrizko altxorra topatu diguten Eliseoren eta Oskarren aurkako bidegabekeria higuingarria, liburu batzuk idazteko beste eman dutena.

Horregatik, aurrez aurre izango gaituzte!

Articles
Jimmy Muelles
23/10/2019
Joseba Alvarez eta Ione San Ildefonso
23/10/2019
Josu Iraeta
23/10/2019
Lettres
Xabier Rodríguez, Luis Martul y Nicolás Xamardo
23/10/2019
Gerardo Hernández Zorroza
23/10/2019
Alberto Gabikagojeaskoa, Jose Antonio Lekue eta Josu Naberan
22/10/2019
Maria Olga Santisteban Otegui | Zalla
22/10/2019
Derniers posts
Martin Garitano
23/10/2019
Martin Garitano
22/10/2019
Dabid Lazkano
21/10/2019
Martin Garitano
21/10/2019