Izar Hernando eta Maddi Juanikorena | Ernaiko militanteak

Donostiako gertakizunen inguruan

Jada mila aldiz hitz egin dugu azken astean Donostian jazotako eraso sexisten inguruan, kalean eta etxean, lagun eta militante kideekin. Eta oraindik ere tripak mugitzen zaizkigu gaia tratatzen dugun bakoitzean. Hala ere, berriz ekarriko dugu mahai-gainera, beharrezkoa den bakoitzean.

Hasteko, Sorturi egindako kudeaketa eskertu nahi diogu, eta orokorrean Ezker Abertzaleari, komunitatean emandako ahobatezko erantzunagatik. Halako egoeren aurrean erantzun egokia emateko inor ez dago prestatuta, eta ziur hobeto egin zitekeela (después de visto todo el mundo es listo esaten zaio honi?); jakin badakigu eraso sexistak pairatuko ditugula aurrerantzean ere (gure mugimendua ez baitago gizartea zeharkatzen duten zapalkuntzetatik at), eta hobeto erantzungo dugu aurrerantzean. Baina aipatu behar da egoerari hasieratik erantzun zaiola irmotasunez, eta kasuak zuen larritasunaren neurriko kudeaketa egin dela, mingarriak ziren neurriak hartzeko beldurrik gabe. Bestetik, hunkigarria izan da Ezker Abertzaleko familia txiki-handi honetako kideek hartutako jarrera, Donostian sentitutako berotasuna ez da nolanahikoa izan!

Hasieran esan dugu eztabaida mahai-gainera ekarriko dugula, gure hitzek eztabaidaren parte izan behar dutela uste dugulako; ez soilik eztabaidaren parte, eztabaidaren zentroan kokatu behar dugu emakumeon hitza, eta kasu honetan, neska gazteona ere bai. Eraso hau jasaten lehenak izan garelako, eta horrelakoek gertatzeari utziko badiote, neskok erantzunaren jabe, subjektu aktibo eta berme izanda soilik izango da. Noski, militante-kide diren gizonak bidelagun izanda; bide hau gurekin egin behar baitute, baina ulertuta lehen lerroan egongo garenak emakumeok izango garela.

Eta horrexegatik, lehen lerroan egon behar dugula uste dugulako, eraso hauek utzi dizkiguten etxerako lanetan pentsatzen jarriak gara dagoeneko. Mila dira aurrerantzean landu beharreko erronkak: eraso sexisten nolakotasuna (eta mila aurpegiak), maskulinitatearen inguruko hausnarketa eternoak, botere-autoritateei jarri beharreko mugak, protokoloei errebisioak... baina gainontzeko gaiei garrantzirik kendu gabe, uste dugu lehentasuna eta zentroa hartu behar duena bestelakoa dela: emakumeon arteko aliantzak indartzea, ahalduntzea (pertsonala eta kolektiboa) helburu.

Emakumeon arteko aliantzek erdigunea hartu behar dute. Eraso hauek ez baitziren gertatuko neskok bakarrik sentituko ez bagina. Egoera askoren aurrean sentitzen baikara isolatuta, txiki, ahul.  Zapalduak gara uneoro, neska izateagatik kuestionatuak, gazte izateagatik gutxietsiak. Eta horren aurrean feminismoa da gure hautua. Jakin borrokan ari garen emakumeak geroz eta boteretuago gaudela, antolatuago, saretuago. Eta feminismoari esker, badakigu aurrerantzean egiteko asko ditugula Ezker Abertzalean. Oraingo honetan hain gertutik ukitu gaituzten eraso nazkagarri hauek, eta horiei emandako erantzunak argi erakutsi digute emakumeon arteko aliantzak estrategikoak direla: horrelakoei aurre egiteko berme bakarra gu gara, aliatuta gauden emakumeak. Eraso guztien aurrean aurkituko gaituzte, ez baita erasorik egongo erantzunik gabe.

Aitortu behar dugu testu hau idaztera konbikzioak eta arrazoiak eraman gaituela. Baina ezin ahaztu barnea mugitu diguten sentimendu eta sentsazioak. Nazka. Nazka eta amorrua. Engainatuak eta erabiliak sentitu gara. Hainbestetan entzundako mekanismoak motz eta hotz gelditzen zaizkigu horrelako kolpearen aurrean: nola eman buelta abizenik gabeko hainbeste emoziori? Nola asumitu honek eragindako mina, sabelean utzitako zuloa? Hain sentitu gara bulnerable eta hauskor… Kudeatzen zailak izan diren momentuak pasa ditugu, eta guzti horiek irakaspenak utzi dizkigute: berriro ere biktimizazioetan erori gara, eta ez gaude hori onartzeko prest: erasoak jasandako emakumeak erantzunaren parte aktibo izan behar dira, erantzunaren agente politiko. Erabakimena haiena da, nahi eta behar duten neurrian.

Ondorioak argiak dira: emakumeon arteko aliantzak beharrezkoak dira, emakumeon ahalduntzerako berme bakarra izango direlako. Baina zama ez dugu guk bakarrik eramango; kasu honek ukitu eta mugitu duen militante oro Ezker Abertzaleko Prozesu Feministara lotu behar da  aurrerantzean, hitzez haratago konpromisoak behar  baititugu. Lan handia dugu egiteko, eta denborarik ez galtzeko.

Ez dakigu bide zuzena zein izango den, eta ziur hamaika aldiz eroriko garela; baina baita altxatu ere. Eta Ezker Abertzalean borroka hau gure egiteko prest gaude.

JO TA KE

Recherche