Garbiñe Uria

Jaime Otamendiri buruz

Hedabide bat albiste nagusi izatea beti da seinale txarra. Azkenaldian, askotan ikusi dugu Eitb lerroburutan, baina horrek ez gaitu mugitu orain arte. Orain, auzitan jarri nahi izan dute Jaime Otamendiren profesionaltasuna. Eta bere izena erabili dute, ikuskizun baten antzera, zuzenean kontatutako negoziazio politikoan. Horrek bultzatu gaitu hau idaztera. Alderdi politiko batek, lan ardura bat hartzera doan profesionalari betoa ezartzea, bere garaian egindako elkarrizketa politiko deserosoa, ustezko argudiotzat hartuta, hori, onartezina litzateke tradizio demokratikoa eta kazetaritza eskarmentua bagenitu. Onartezina litzatekeen bezala, beste aldeak betoa ametitzea. Dena, pertsonari, errespetuz, zor zaion diskrezio arrastorik gabe. Ongi etorri politikara, pentsatuko du bakarren batek. Gu ordea, ez gara politikariak. Kazetariak gara. Sinestezina, era berean, ordu erdi eskaseko elkarrizketa nahikoa izatea urtetako lana auzitan jartzeko. Jaime Otamendiren kazetari lana ezagutzen ez dutelako izango da, akaso. Jakingo lukete bestela, elkarrizketa goxoak ez direla inoiz bere onena izan. Jaimek euskaraz lan egin du gehienetan eta berari buruz idatzi duen askok ez du euskararen arrastorik. Euskarazko kazetaritza ikustezina zaie, besterik gabe. Xalotasun gehitxo, gure aldetik? Jaimeren alboan lan egiteko aukera dugunok badakigu komunikatzaile aparta izateaz gain, garbi jokatzen duen kazetari zorrotza dela. Lankide ona eta taldeburu esijentea, bere buruarekin eta besteekin. Itzal handiko erreferentzia profesionala, krisian dagoen ofizioan. Horrek, suertez, hala izaten segiko du. Jaime Otamendik ez du gure babesik behar. Urtetan egindako eguneroko lana du bere alde. Guk sentitu dugu, gure egonezina eta inpotentzia publikoki adierazteko premia. Garbiñe Uria (nan: 72443688-J) Aritz Agirre (nan: 33448975-Y) Maider Segurola (nan: 72485292-X) Eitbko kazetariak.

Recherche