Daniel Jiménez Gil, Ernai Erriberako militantea

Jarduera militarra itzuli da Bardeara: Aski da!

Urtero lez Bardeak jarduera militarraren inposaketa jasan behar izan du. Espainiako Estatuak eremu hau berriro ere gerra-agertoki bihurtu du, Erriberako herrien iritzia kontuan hartu gabe, inguruko herrien, herri kongozanteen, ahotsari entzungor eginez.

Erriberako gazte euskaldunok argi dugu Bardeako kolonizazioa 78ko erregimenaren aurpegi ugarietako bat dela. Ezin dugu onartzen jarraitu gure lurren okupaziorik, Madrildik inposatutako erabakirik ezta NATOren presentziak dakarren etengabeko mehatxurik.

Militarizaziorik ez, aski da!

Bardea naturgune paregabea da, babestu beharreko ekosistema hauskor eta baliotsua. Ezin dugu onartu armak eta maniobra militarrak probatzeko eremu gisa erabiltzen jarraitzea. Jarduera militarrak ingurumena kutsatzen du, zarata sortzen du eta inguruan bizi diren pertsonen eta animalien bizitza arriskuan jartzen du.

Inposaketarik ez, aski da!

Erriberako herriek eskubidea dute haien etorkizunaren burujabe izateko. Ezin dugu onartzen jarraitu Espainiako Estatuak bere nahiak inposatzerik, bertako herritarren iritziari entzun gor eginez. Bardea gurea da, eta ezinbesteko baliabide natural gisa ulertzen dugu. Eskualdeko garapen jasangarrirako planaren parte izatea nahi dugu, eta ez plan belikoen parte.

NATOri ez, aski da!

NATO instituzio militarra da, munduko bakearentzat erabateko mehatxua. Beraz, Bardean duen presentzia militarizazioaren eta gerraren irudikapen argia da.

Ezin dugu onartu eremu natural hau gerrarako erabiltzen jarraitzea. Bardea bizia da, eta ez heriotza. Bardea herritar guztien eta etorkizuneko belaunaldien gozamenerako berreskuratzea urgentziazkoa da.

Bada garaia, Bardea herriarentzat!

NATO Euskal Herritik kanpora!

Recherche