Jesus Jaimerena, sagarrondo emankorra
Pena handiarekin eman genion azken agurra Jesus Jaimerena jaunari (Don Jesusi), abenduaren 12an, Lekunberriko parrokian.
Nabarmena da Don Jesusek egindako lan ikaragarri handia, bere bizitza osoan zehar, eta bera hurbiletik ezagutzeko zorte ona izan dugun guztiok, uste dut zalantzarik gabe, denok edo gehienok behintzat, aitortuko dugula bere aspektu positibo hori: beti lanean, besteen alde, jendearen onerako, interes ekonomikorik gabe, dohainik, kobratu gabe. Eta, gainera, apaltasunez, bere burua nabarmendu gabe; beti umilki.
Horrek burura ekarri dit, behin batean, On Joxe Miel Barandiarani bere amak esandakoa, semea artean gaztetxoa zela. On Joxe Miel itzuli omen zen ikastetxetik etxera, oporrak pasatzera edo, eta gainera, nota eta kalifikazio on-onekin. Orduan, amak, ikusita arriskua egon zitekeela semea harrotu zedin ateratako nota on haiengatik, badaezpada ere, honako hauxe bota omen zion:
-Joxe Miel, ikusten al duk ongi gure etxeko sagarrondo hori?
-Bai.
Sagarrondo hura fruituz leporaino beteta omen zegoen urte hartan, alegia, sagarren pisu ikaragarriarengatik adarrak eta arbola bera ere makur-makur eginda omen zegoen. Hori horrela, amak hauxe esan omen zion:
-Bueno, ba, errepara iezaiok ongi bere itxura eta jarrerari. Hara, begira, hik ere zenbat eta fruitu gehiago eman, orduan eta apalagoa izan behar duk bizitza honetan.
Dirudienez, On Joxe Miel Barandiaranek ongi gogoan hartu zuen amaren ikasgai hura, bere bizitza osoan zehar, eta neronek esanen nuke, Don Jesusek ere beste horrenbeste egin duela bere bizitza osoan. Hona hemen Jaimerena jaunaren fruitu eta emaitzak: parrokian, komentuan, abesbatzan, solfeoan, txistuan, euskaran, latinean, armonionean, antzerkian, dantzetan, pilotan, itzulpenetan, eta abarrean.
Nik uste dut, Jesus Jaimerenaren sagarrondo emankor eta apalaren itzal handiak, luzaro iraunen duela gure oroimen bizietan; hala beharko luke behintzat.
Besarkada bero, eskumuin eta goraintziak Don Jesusen senide, familiako, lagun eta ezagun guztiei.
Eta, bukatzeko, kontu bakar bat: Jesus Jaimerenak euskararen alde, ekintzez, hainbeste lan egin ondoren, iruditzen zait, hiletako mezan, homilia ere euskaraz ongi merezia eta irabazia zuela.