Martxel Toledo Garmendia | Oiartzun

Jokoa euskalduna, apustuak erdaraz. Zergatik ote?

Azken bi hamarkada hauetan izugarrizko indarra hartu du gurean, besteak beste, euskal hedabideei eta batik bat ETBri esker. Baina tamalez, oraindik, antxinako tradizio okerrak bere barruan jarraitzen dute. Geurea den kirol batetaz ari natzaizue, euskal pilotaz hain zuzen.

Pilotalekuan partidu bat ikusi edo entzutea baino ez, oraindik artekarien ahoetatik apustu garaian, gehienetan «mil kolorau» edo «cien azules» entzuteko. Eta ez da azken urteetako gauza, aspalditik datorren erdal ohitura baizik. Hogeita bat garren mendean gurean euskarekiko jarrera egunetik egunera sintonia hobeagoa hartzen ari denean eta zaletu gehiengo handi bat euskalduna izateaz gain geurea sentitzen dugun kirol mundu honetan, nola litekeen oraindik batzuk horrelako ohitura trakets eta okerrekin jarraitzea? Nori edo eta, zer kalte egin dezake, artekari horiek logika jarraituz apustuak gure hizkuntzan, alegia, euskaraz eskainiko balituzte? Gure kulturaren barruan pilota balore esanguratsua izanik, nola liteke, besteak beste, enpresetako arduradunek oraindik horretaz ez jabetzea eta zuzentzea?

«Pixkat es mucho, euskara gurea, txantxangorria» eta horrelako hainbat kanpaina «mediatikoak» asmatzea eta martxan jartzea ondo dago, guztiak beharrezkoak baitira, baina kanpainatik harago, gure hizkuntzarekin lotura zuzena izan behar eta duen euskal pilotan, apustuen kasuan, eraginkortasun gehiago izango duen zerbait praktikoagoa egin beharko litzakeela uste dut, alegia, euskaraz egitea.

Gaurko hau ez da pilota apustuen inguruan egiten den lehen hausnarketa kritikoa, horrelakoak dezentetan entzun eta irakurri baititut. Baina uste dut garaia dela eremu horretan ere euskalduntzen hasteko.

Ea ba, urte berriak tradizio zaharrak eta okerrak alde batera utzita, ohitura berriak eta onak erakartzeko gaitasuna duen. Txantxangorriek ere, neguko hotzetik udaberriko goxotasuna gustura hartzen dutelako. Horregatik, artekariek zaletuekin apustua gurutzatzeko erabiltzen dituzten tenis pilota barruan, euskaraz txiokatzen duen txantxangorria entzutea gustatuko litzaidake. Eta seguru nago, pilotazale gehiagori ere, besteak beste, euskal pilota, gure jokoa izateaz gain, jatorriz, euskalduna ere badelako.

Beraz, hemendik aurrera, «mil kolorau» edota «cien azules» oihukatu ordez, zergatik ez «mila gorri» edo eta «ehun urdin» esan? Kontzientzia eta koherentzia kontua baino ez da.

Recherche