Mikel Fernandez Minguez

Kontraesanak

Aste honetan Espainiak Palestina aintzatetsiko duen berri izan dugu. Erabakia berandu heldu arren, txalotzekoa da, baina esan beharra dago kontraesanez betetakoa dela. Okupazio bortitza da palestinar herriak sufritzen duena, baina espainiar Estatuak hartutako erabaki hori ulertzea zaila egiten zait egoera berbera sufritzen duten beste herrialde batzuen aintzatespena ekarri ezean. Gogoratu nahi dut saharar herriak orain 50 urtetik okupazio bat jasaten duela eta gaur egun gudan dagoela. Horrenbestez, noizko Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoaren aintzatespena?

Azken bolada honetan genozidio honen aurrean, Palestinaren aldeko topaketek gora egin dute eta horrek adierazten du argi dagoela gizakiok garen aldetik, desberdintasun- eta eraso-egoeretan ez dugula zeharka begiratzerik. Niri dagokidanez, elkarretaratze horietara joan ohi naiz, baina esan ere egin behar dut topaketa horietan zenbait kontraesan antzeman ditudala. Badira marokiar asko eta asko Palestinaren aldeko manifetara doazenak eta, aldi berean, Marokoko erregea Mohamed VI-a goraipatzen dutenak. Estatu alauitan erregea izaki nagusi eta gorena da, gainera, ezin du kritikarik jaso. Egoera, beraz, deigarria da: marokiarrak Israelen kontran aritu bitartean, estatu genozida horrek beren errege maiteari armak saltzen dizkio sahararrak hiltzeko. Koherentea ote da?

Bukatzeko, bidegabekeri honen aurrean, animatzen zaitut joatera Palestinaren aldeko eta Israelgo estatu genozidaren kontrako topaketara. Gaur, maiatzaren 27an, Barakaldon aukera izango dugu. Animatu.

Recherche