Lander Peiro Sagues, Larrialdietako zeladorea eta LAB Osasunbideko ordezkaria

Lehen Mailako Arretaren egoerak Larrialdiengan eragina du

Duela egun batzuk komunikabideetan argitaratu zen albiste baten arabera, Larrialdietako arreten kopurua nabarmen handitu da. Egoera hori arintzeko, Osasun Sailak herritarrei eskatzen zien ospitalera ez joateko kontu arinak baldin baziren artatu beharrekoak. Albistean, azaroan eta abenduan larrialdi-zerbitzutan izan den jarduerari buruzko datuak ere ematen zituzten: iazko datuekin alderatuz, ia %10eko igoera izan dugu.

Larrialdietako langileok nekatuta gaude egoera honekin. Aspalditik ari gara hobekuntzak eskatzen pazienteak egoera hobean artatu ahal izateko. Zerbitzuko burutzek eta Ospitale Unibertsitarioko Gerentziak entzun eta kasu egin beharko liekete langileen eskaerei.

Larrialdi zerbitzua eskas geratu zen lehenbiziko egunetik, eskaera osoari behar bezala erantzuteko. Zerbitzuak erreforma integrala, banaketa hobea eta langile gehiago behar ditu, baita profesionalentzako prestakuntza eta motibazio handiagoa ere. Larrialdietako eraikina gutxiegi erabiltzen da, eta zerbitzuan itxarongelak gainezka egoten dira askotan. Orain, horren guztiaren erantzukizuna pazienteei eta horiek Larrialdi-zerbitzua gaizki erabiltzeari egotzi nahi diete.

Ez ba, kudeatzaile jaun-andreok, arrazoi nagusia Lehen Mailako Arretaren egoera kritikoa da.

Herritarrak ez badira behar bezala artatzen, ez dira trebatzen osasun-zerbitzuak erabiltzen; hortaz, oraingoaren antzeko egoera traketsak gertatzen dira, alegia, erabiltzaileek biderik azkarrena erabiltzen dute osasun-sisteman arreta jaso dezaten: Larrialdiak.

Zeren zain dago Osasun Saila Lehen Mailako Arretan erreforma egiteko? Noizko izango dugu diru-partida nahikoa Lehen Mailako Arreta behar bezala indartzeko eta hornitzeko?

Recherche