Mendi Martxa eta esker onak
Iraun duen zortzi egunetan zehar 140 ibiltarik baino gehiagok hartu dute parte, 100 lagunetik gora aritu dira herrietan azpiegiturak prestatzen : ongi etorriak, lotarako lekuak, dutxak, afari herrikoiak... ehundaka atxekimendu jaso dugu : kirolariak, kultur eragileak, elkarteak, herritar xumeak, alkate edo auzapezak, zinegotziak, parlamentariak. Iragan ditugun herrien sostengua ere jaso dugu : Lanestosa, Karrantza, Turtzioz, Sopuerta, Zalla, Okondo, Laudio, Senpere, Urruña, Hendaia, Irun... Zortzi egunetan zehar egundoko berotasuna, bultzada eta elkartasuna jaso dugu : kalejirak, kantu-poteoak, bertso-poteoak, pilota emanaldiak, dantzaldiak, aperitifak, luntxak...
Egun hauetan bertatik bertara atzeman dugu Euskal Herriko selekzioaren aldeko aldarriak geroz eta oinarri sendoagoak dituela. Ofizialtasunaren beharra eta sentimenduak egunetik egunera geroz eta atxekimendu gehiago jasotzen ditu, eta honek beste urrats batzuren beharra agerian uzten duelakoan gaude. Gai honen inguruan gizartean somatu dugun batasunak, udaletatik jaso dugun atxekimenduak... beste maila bateko erabaki baten premia adierazten dute. Gasteiz eta Iruñeko Parlamentuetan izan behar du hurrengo zita. Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna defendatzen duten eragile politikoak lan amankomuna egitera behartuak daude betiko oztopo eta topikoak baztertuz eta erabaki ausartak hartuz.
Bien bitartean gu gurera, 2014ko ESAITeko Mendi Martxa ate joka dugu eta prestakuntza lanak abian dira.
Mila esker denoi