Emilio Azueta

Mikroklima

Euskal sindikatuek greba eguna deitu dute hilaren 22rako EAEko sektore publikoan, behin-behinekotasunaren abusua salatzeko. Arrazoi justua da hori, hain zuzen ere, gai horretan Europako markak hausten dituen sektore batean.

Aukera hau aprobetxatu nahi dut, gutun honen bidez, euskal sektore publikoan, Hezkuntzan zehazki, gertatzen ari den beste bidegabekeria handi bat ikusarazteko: Euskadi da Estatu espainiarreko lurralde bakarra non sektore publikoko irakasle gehienek ez duten, gehien-gehienetan, hirurogei urte beteta erretiroa aurreratzeko aukerarik. Bakarra.

1992a baino lehen oposizioa EAEn edo ondoren (2011ra arte) kanpoan gainditu zuten baina orain euskal administrazioarentzat lan egiten duten irakasleek eskubide hori dute. Itundutako sareko irakasleek txanda-kontratuari heldu diezaiokete. Baina guk ez. Berriro diot, bidegabekeria hori hemen bakarrik gertatzen da: euskal mikroklima garbia eta gogorra.

Egoera hori, gainera, lurpean dago, eta ezezaguna da gehienentzat; besteak beste, gure sindikatuek ere ez digutelako aukerarik eman ikusgarri egiteko, gure haserrea kalera eramateko. Greba-deialdi bat «ad hoc» eginez bakarrik lortzen da hori. Baina haiek ere, sindikatuek, zenbaki handien gaixotasuna pairatzen dute, eta sektoreko greba handietan soilik «inbertitzen» dute: asko eta asko gara bidegabekeri horipairatzen dugunok, baina askoz gutxiago, hala ere, Departamentua hamarkadetan zehar pilatzen ari den ordezko irakasleen kopuru izugarriarekin alderatuta: irakasle horien borroka beharrezkoa bezain bidezkoa da, noski. Baina gurea ere bai, eta bakarrik gaude. Gure horizontea, dirudienez, hau da: 61 eta 62 urte bitartean, eskola-ordu bakoitzean dozenaka haur edo neraberekin topa egiten jarraitzea.

Gizarteak jakin dezala, gutxienez.

Recherche