Aitor Garagarza Cambra

Nekane Balluerkari, EHU/UPVko errektoreari, gutuna

Orain dela pare bat aste lanera nindoala nire ugazaba Euskadi Irratian eginiko elkarrizketa entzun nuen. Irratia entzuterakoan oso endogenoa naiz, are gehiago goizetan. Autoan mugikorrarekin ibili ezin bada ere, irrati exogenoak entzutea antzeko arrisku maila izan dezakeelakoan nago. Akaso, egun horretan eskuineko hankarekin altxatu eta euskal erregimenaren irratia entzutearen arriskuari ekin nion, hara eta non Nekane Balluerkari elkarrizketarekin topo egin nuen.

Dagoeneko banituen 40 km inguru eginda eta Nekanek hiztegi jakitun bezain adeitsuan «Euskal Herriko» Unibertsitatea, egun, mundu mailan 400 unibertsitate onenen artean kokatzen dela esan zuen. Aurreko urtearekin alderatuta 100 postu aurreratzea lortu dituztela, eta hortik aurrera, lehiatzea nahiko gatxa izango dela ere adierazi zuen. Sailkapen hau, Shangaiko Rankingaren arabera ezartzen da; ez jakintasunagatik ote, baina «komunistek» mundu mailako ranking bat ezartzea arraro samarra iruditu zitzaidan.

Nire ugazabaren hitzak entzuten nengoela gogoratu nuen bitarteko irakasle izanda, bi hereneko kontratuarekin gutxieneko soldatara ere ez naizela iristen. Astero hiru egunez 80 km egiten ditut eta Abiadura Handiko Trena oraindik eginda ez dagoenez, bidesariak ordaindu behar. Garraio publikoan joan ninteke, ekonomikoki aldea ez da hainbesterako, baina ordutegiak ez dira moldatzen nire egunerokotasunera. Indibidualismotik Arartekoari gutuna idatziko diot eta gutunaren hasiera aurreikusita daukat: «Ararteko maitea, mundu mailan 400 unibertsitate onenen artean lanean dagoen irakasle jaun txit zorionekoa naiz eta gutxieneko soldatara ez naiz heltzen…».

EHU/UPVn apiriletik nago lanean, ordutik, behintzat, 80 kmak ez ditut bakarrik egiten, portatil pertsonalaren laguntzarekin egiten dut bidea. Mundu mailan 400 unibertsitate onenen artean kokatuta dagoen unibertsitateak ez dizkie lagatzen lanabesak haien langileei. Informatizatuta dagoen espazio batean ordenagailurik gabe lan egin behar izatea meategietan pikotxa gabe lan egin behar izatearen parekoa da, distantziak salbu. Argi dago, «enter» gainean klik egitea edo pikotxarekin jo eta fuego ibiltzea ez dela parekoa.

Nia alde batera utzita, mundu mailan 400 unibertsitate onenen artean kokatuta gaudelarik, feminizatuta dagoen garbitzaileen greba bizi izan dut. Zu errektoreordea zinenean, gure unibertsitatean obrak egiten zebilen kontraturik gabeko langile batek bizia galdu zuen. Zu errektore zarenetik, gazte ikertzaile aurredoktoreen lan baldintzak okertu dira. Honetaz gain, euskaraz ikasteko eskubidea bermaturik ez dago. Don't worry be happy! Eta aurreko udan espainiako indar polizialak Gasteizko kanpusean sartu ziren, ikasle gela miatu eta hainbat material bereganatuz. Noski, 400 unibertsitate onenen artean egonda normala da poliziak ezagutza sortzen duten ikasleen materiala jaso nahi izatea.

Artikulua bukatzear nagoelarik, nire portatiletik eta EHU/UPVren ordenadorearen zain, eskubide sozial, linguistiko eta zibilen rankingenean non gauden kokatuta jakitea gustatuko litzaidake. Stop! Ez diezagun begira mundu mailako rankingei. Mundua hankaz gora dagoenean gu amuarrain bezala korronteari jarraika? Orain eta hemen, zein herri eredu nahi dugu? Orain eta hemen, zein unibertsitate eredu nahi dugu? Orain eta hemen, nola eragin nahi dugu munduan?

Recherche