Nerabe baten zoriontasunari buruzko hausnarketa txikia
Biologiako ariketak, fisikakoak, bizkar-zorroa prestatu eta irakaslez aritu naiz ordubetez, jarraian filosofia ikastera, afaldu eta Athletic-ek jolasten du. Egun normal batean, aste normal batean San Mamesen egongo nintzateke eta egun ilun honen amaierako argia izango litzateke partido hura. Hori baino gehiago, aste honetan bi partido jokatzen direla jakiteak astea izugarri hobetuko luke , baina ez da kasua azterketaz betetako astean.
Ezin esan dezaket zoritxarrekoa naizenik eta haratago noa, ezin esan zoriontsu ez naizenik, baina batzuetan urte amaieran beharreko nota ez lortzearen posibilitate hutsak beldurtu egiten nau, izugarri gainera.
Hala ere, etorkizunerako pentsatuz ez dut uste nahi dudan fakultatean sartzeak zoriontasunez beteko nauenik baina lasaitasunez begiratuko diot ondoren datorkidanari. Zenbait jakintsuk diotenez, lasaitasuna puntuala izango da eta bizitzan aurrera joan ahala, hori baloratzeari utziko diot eta beste hainbat kezka sortuko zaizkit, baina benetan diot, lasaitasun puntual hori bizitzeagatik asko emango nuke.
Orain ikusarazi dudana, pertsona askoren zoriontasun metodoa dela esatera ausartuko nintzateke, helburuak horizontean ezarri eta lortzen saiatzea bidean emandako pausu bakoitzean zoriontasun dosiak hartuz. Ondorio kaltegarriak eduki ditzake baina. Helburu lar irrealak ezartzen badizkiogu geure buruari, gerta dakiguke eta gertatu egiten da, horizonte hura inoiz ez ikustea eta bertarainoko pausorik ez ematea, betiereko zoritxarrean eroriz.
Zein izan daiteke beraz metodo eraginkorrago bat? Interesgarria ikastolara etorritako teologo batek azaldutako istorioa. Kontakizun labur honetan Jainkoak hiru mirari eskeintzen zizkion emaztearekin txarto zebilen gizon bati. Lehenik emaztea desagertaraztea eskatu zuen baina bere desira betetzean, aurrekoa baino gutxiago maite zuen beste emakume batekin ezkondu zen eta ez zen zoriontsua gizona. Beraz, Jainkoarengana jo eta lehen emaztea itzularaztea eskatu zion. Zoriontsu izan zen tarte batean baina aurreko egoerara itzuli eta zoritxarra sentitzen hasi zen. Hirugarren desira eskatzera joan zen eta honakoan, bete-betean asmatu zuen. Zeukanarekin konformatzea eskatu zuen gizonak eta zoriontsu izatea lortu zuen.
Beraz, daukagunarekin konformatzea izan daiteke bidea, daukazuna maitatzea eta ez duzunaz ez arduratzea. Baina nola heldu asetasun puntu horretara? Botere goitiarrik gabe hel gaitezke, gure kabuz? Samana bihurtzea bururatzen zait, horrela barne-lasaitasuna betierekoa izango da, baina gogorregia. Ez da soilik gurearekin konformatzea, baizik eta daukagun guztiari uko egitea eta ezer barik bizitzen konformatzea.
Hain konplexuak dira modu horiek… Edonoiz zoriontasun utopiko hori lortzea ezinezkoa egiten zaigu zoriontasunari buruz hausnartzen dugun bakoitzean, itxaropena galduz. Baina agian horixe bera izan daiteke bidea, nahiz eta helburua urrunegi ikusi, itxaropena ez galtzea.