Night maratoia eta euskara
Giro zoragarria, arratsalde polita, tenperatura ona korrika egiteko. Jendetza leku guztietatik, korrikalari bakartiak koadrilan, berandu heltzen diren lagunen zain besteak, bikoteak… Urduritasuna, jakin gabe zergatik baina beti dago urduritasun puntu bat. Bukatuko dut? Nola helduko naiz? Eta hizkuntza desberdinak, hasieraren zain geundenean gure inguruan katalan asko entzuten ziren. Eta megafonian gaztelaniaz, esaldi pare bat frantsesez, baten bat ingelesez eta euskaraz? Bat edo bi ondo gelditzeko. Animatu behar da jendea. Denok gure eskumutur dirdiratsuarekin besoak gora. Denok ez: gaztelania eta frantsesdunek bakarrik. Katalanek eta euskaldunek ez.
Heltzen dira azken hamar segundoak. Ohikoa denez proba hauetan, denon artean oihukatzen (adrenalina askatzen) egiten da atzerako kontua. Hain zaila zen euskaraz egitea? Ziur nago hor geunden gehien gehienok bagenekiela; Hamar, bederatzi, zortzi, … Abiatzen gara. Irteera ikusgarria. Beti bezala lasterketa honetan. Besterik ez bada, irteera bizitzea merezi du.
Lehenengo postua ura hartzeko, kilometro batzuk egin eta gero. AGUA – WATER karteletan. Guk ura nahi genuen. Tira, zegoena hartu genuen. Tragoxka bi eta aurrera. Hurrengo postuetan jende pilaketa. Eta ura (barkatu AGUA-WATER) eta beste edari bizigarri bat zegoen. Boluntarioek eten gabe eskaintzen, laguntzen, oso lan ona egin zuten korrikalariok benetan eskertzen genuena. Baina ez zegoen euskaldun bat ere ez? AGUA, L’EAU. Korrikalariak gureari.
Gune arriskutsu bi izan ziren Alde Zaharrean eta Deustun, jendea prest istripuak ekiditeko. Zorua irristakor zegoen. Boluntarioek berriro lan ona egin zuten jendea abisatzen eta gure inguruan ez zen ezer larririk gertatu. Berriro euskaldunak marjinaturik.
Azken kilometroak, helmuga ikusten dugu, azken atsedenaldia esprinta egin baino lehen. Jendeak jarraitzen du hizketan, gaztelaniaz, euskaraz, katalanez. frantsesez, ingelesez… Bukatu dugu, heldu gara. Ez dugu denbora luze ematen helmugan. Baina giroa ez zen asko aldatu.
Etxerako bidea. Hankak eta gure hiztun eskubideak minduak. Urruntzen gara Ricky Martinen doinu alaiekin. Ziur nago antolatzaileek euskal instituzioetatik diru laguntzak jaso zutela. Proba hauetan aseguruak eta zigiluak eskatzeaz gain, euskararekiko gutxieneko begirunea eskatu behar da. Hemen ikusten da noraino heltzen da «poziktibity» eta antzeko kanpainak.