Josu Jimenez Maia | Idazlea

Nik ez naiz (sic)

EAEko hauteskundeak igaro berritan, irailaren 28ko goizean, Idoia Mendiari entzun nion irratian, gosaria prestatzen ari nintzelarik: «Nik izan naiz» (sic). Kontrako eztarritik joan zitzaidan gosaria. Beste anitzetan bezala, hizkuntz kalitatearen inguruko kezka hasi zitzaidan buruan jiraka. Tristura handia sentitu nuen hasieran, amorrazioa gero. Duela urte batzuk Idoia Mendiari berari Aitor Txarterina eta biok egin genion zuzenketa horretatik, —Urte berri on, euskara txukuna off—, antza, ez du deus ere aurreratu. Kontua ez da hutsegite bakan bat egitea, —ez baitago hiztunik akatsik egiten ez duenik, ni-neu, lehena– kontua da hutsegite horiek etengabe egiten dituela, komunikatu nahi duena estaltzeraino egin ere. Min hartzen dut belarrian PSEko hautagaiak euskaraz hitz egiten duenean, eta mintzatzen hasten delarik, jadanik ez diot erreparatzen mezuari, hanka-sartze kate etengabeari baizik, komunikazioa eragozteraino.
    
Irakurleren batek erranen dit badirela beste euskaldun berri batzuk ergatiboa nahasten dutenak... baina ez dira alderdi bateko eledun eta ez dira lehendakarigai. Euskara maila penagarria eta negargarria izanik lehendakari izateko aurkeztea ere, ausarkeria behar da. Izan ere, eledun izatea eta txukun aritzea, duin aritzea, ez da «detaille» bat: igandean ospatuko den Bianako Nafarroa Oinezen leloa parafraseatuz, «ze arraroa euskararik gabe, hautagaia.»
    
Hizkuntz kalitatearen inguruko kezka ez da bakarrik hemengo kontua. Yasunari Kawavata oso kezkatuta zegoen japonieraren kalitatearen kontura, japonieran txertatzen ziren hitz berrien kontura. Nobel saridunak esaten zuen hitz berriak sagutxoak bezalakoak direla; egunero sortzen dira, polit antzera, sagutxoak bezala. Baina sagutxoek karraska egiten dute etengabe, zer karraskatzen duten inporta gabe ere. Idoia Mendia karraskaria datorkit gogora, gure hizkuntza lardaskatzen batere axola gabe.
    
Ingelesez hemengo politikari batek «Bus Country» ahoskatzen duenean, busez betetako herrialde bat irudikatu eta asaldatzen garen gisa berean, ez dezagun ontzat eman politikari baten euskara negargarria. Bihar goizean irratia piztuko dut berriz ere, eta EAEko lehendakari izateko elkarrizketen kontura Idoia Mendia hitz egiten hasten bada, irratia itzaliko dut, ea gosaria ez zaidan kontrako eztarritik joaten.  

Recherche