Txumai Iturria I Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxako antolakuntzaren izenean

Oinarri sendoko aldarria

2015eko Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxa amaitu da. Iraun duen zortzi egunetan zehar 200 ibiltari inguruk hartu dute parte, 100 lagunetik gora aritu dira herrietan azpiegiturak prestatzen: ongi etorriak, lotarako lekuak, dutxak, afari herrikoiak... ehundaka atxekimendu jaso dugu: kirolariak, kultur eragileak, elkarteak, herritar xumeak, alkate edo auzapezak, zinegotziak, parlamentariak... Iragan ditugun herrien sostengua ere jaso dugu: Plentzia, Bakio, Bermeo, Elantxobe, Ibarrangelu, Ea, Ondarru, Mutriku, Zumaia, Getaria, Zarautz, Donostia, Hondarribi, Ziburu... Zortzi egunetan zehar egundoko berotasuna, bultzada eta elkartasuna jaso dugu: kalejirak, kantu-poteoak, bertso-poteoak, batukadak, joareak, luntxak...

Egun hauetan bertatik bertara atzeman dugu Euskal Herriko Selekzioaren aldeko aldarriak geroz eta oinarri sendoagoak dituela. Ofizialtasunaren beharra eta sentimenduak egunetik egunera geroz eta atxekimendu gehiago jasotzen ditu, eta honek beste urrats batzuren beharra agerian uzten duelakoan gaude. Garaia heldu da gai honen inguruan zeresana duten kirolari, gizarte eragile, kirol federazio, instituzioak... elkartu eta bide orri zehatza adostu dezagun denon erritmoak errespetatuz. Jaurlaritzak duela urtebete inguru plazaratutako txosten juridikoak garbi adierazten zuen bezala Euskal Herriko Selekzioen ofizialtasunaren afera ez da juridikoa, borondatezkoa baino.

Bien bitartean guk geureari helduko diogu, 2016ko Euskal Selekzioaren Aldeko Mendi Martxa ate joka dugu eta prestakuntza lanak abian dira.

Mila esker denoi.

Recherche