Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio

‘Onginahia’-ren uste ona

Aritz Estatuan preso politikorik ez dela sinestarazi nahi diguten politikariak. Euskal Herriko hainbat herri ETAren gotorleku izaten jarraitzen dutela adierazten duten arrazista mozkortuak. Zenbait alderdi politiko legez kanpo utzi beharko liratekeela lau haizetara hedatzen duten fundamentalista kristauak. Samurregia gogoeta ‘egokiak’ egitea, eta aldi berean gizakiez hitz egiten ari direla ahaztea.

Askatasuna, berdintasuna eta anaitasuna. Frantziako eta Espainiako gobernuek zein bere aliatuek porrot egin dute hitz ponpox hauei dagokionez, izan ere, ezker-eskuin alderdien arteko mugak existitzeari utzi dio herrialde horietan. Euskal Herriak bere iraganaz sakonki hausnartu badu ere, gutxi edo ezer daki oraindik bere etorkizunaz, eta badaki herrialde horien ‘onginahia’-ren uste ona hainbat belaunaldiren geroztik hilda dagoela.

Bizitzaren jakituria alde guztietatik aditu izan zaion herrikidea nola bahituta eraman duten ikusteko aukera izan dugu orain gutxi. Zaballako ziega ilunen bat jada bere urre gorrizko bihotz disdiratsuaz argiztatua izango da. Har dezagun Ondarruan antolatutako herri harresia ekintza politiko egokitzat. Aurrerantzean ere indar parapolizialak Urtzarekin egin bezala beste hainbat herrikide atxilotzeko prest agertutakoan giza harresi sendoagoak sortuko baitira, herri honek zein motako etorkizuna nahi ez duen are ozenago adieraziz.

Recherche