Jose Luis Ormaetxea Lasaga | Otxandio

Osakidetzaren deiaren aiduru

Aitortu behar dut Osakidetzan gauza on asko ikusten ditudala. Beregainki, langileak ditut gogoan. Baina badago neure onetik ateratzen nauen konturik.

Duela hilabete eskas, Osakidetzako zuzendaritzako kide bik hainbat datu eman zituzten, komunikabideetan agertu zirenak. Niri hemen ebakuntzak egiteko itxarote-zerrendei buruzko datuak interesatzen zaizkit, eta horietaz arituko naiz. Arloz arlo eman zituzten datuak. Okerrenak, traumatologian omen: 2014an, traumatologia arloko ebakuntzetan 61,5 egun (hori duk zehaztasuna, hori!) itxaron behar izan da, batez beste.

Berriako Zaldieroak esango lukeen legez, «Hori asko da? Gutxi da? Ez dakit». Seguruenik, beste leku askotan okerrago ibiliko dira. Baina zer esango dizuet, datu horretaz ez naiz batere fio. Hala sentitzen badut ere, ez dut esango gezurra denik, baina ezin dut sinetsi. Eta esango dut zergatik.

Gaur, otsailak 12, 9 hilabete (276 egun!) bete dira ebakuntza bat egiteko izena eman nuenetik, eta oraindik Osakidetzaren deiaren zain nago. Umetan, eta gerora ere, matematiketan oinarri urria jaso nuen, baina kontuak ez zaizkit ateratzen. Badaezpada, neskato bati jarri diot gaia, eta azkar asko eman dit erantzuna: «Osakidetzak eman duen batezbestekoa ateratzeko (61,5 egun), zure ondoan gutxienez beste lau pertsona egon behar dira izena eman eta biharamunean operatuko dituztenak». Ni, begiak arranpalo, sinetsi ezinik. Egia osoa esateko, ez dit ilusio berezirik egiten gorputzean titanioa (edo beste metalen bat) txertatzeak, baina beste aukerarik ez dagoenez, badut udaberria baino lehen deituko didaten esperantza.

Recherche