Ima Beristain, Antzuola Lagunkoia taldea

Osakidetzaren murrizketak salatu ditu Antzuola Lagunkoia taldeak

Bost egunetik bira pasatu du zerbitzua Osakidetzak udan Antzuolako osasun etxean, eta, beraz, Bergarara joan beharko dute herritarrek gainontzeko egunetan.

Antzuola Lagunkoia taldeak, ordea, egoera salatu du, murrizketek osasun kalitatean eragina izan dezaketela ohartarazita. Haren arabera, diagnostikoaren atzerapena dakar lehen arretako zerbitzua beranduago jasotzeak, eta, gainera, nabarmendu du Bergarara autobusez joateko oztopoak daudela. «Batez ere adineko eta mugikortasun arazoak dituztenak, zailtasunak dituztelako autobusetik igo eta jaisteko. Beste batzuk ez dute kotxerik edo gida baimenik eta beste baten menpe geratzen dira».

Aldarrikatu dutenez, zergak «zintzo» ordaintzen dituzte «kalitatezko osasun zerbitzu publikoa» izateko, baina erabakiak euren eskubideen urraketan eragiten du. «Pribatura bideratzen du pazientea, Osakidetzako zerbitzua ahulduz. Ezin dugu murrizketarik onartu, beldur gara aurrerantzean Osakidetzak ez ote duen bide beretik jarraituko».

Lanean jarraituko dute. Herritarren, baina batez ere edadetuen, bizi kalitatea hobetzeko arlo askotan dihardu lanean Antzuola Lagunkoia taldeak, eta baita osasunean ere. «Ezin dugu atzera pausorik onartu, eta Osakidetzari orain arteko arreta bermatu dezala eskatzen diogu. Gure bizitza gure lehentasuna delako».

Erreklamatzeko aukera. Egoera salatzeko, erreklamazioa jartzeko aukera dago. Udaletxean, Landatxope elkartean eta farmazian eskura daitezke erreklamazio orriak, eta udaletxean entregatu behar dira, NANaren kopiarekin batera.

Recherche