Borja Gutierrez Elordui «Bakerito» I Berangoko preso politikoa

Osnyko espetxetik (Euskal Herritik 875 kilometrotara)

Kaixo: Lehenik eta behin agur bero bat deserritik. Eskuetan duzuen gutun honen zioa Urtarrilaren 12an Euskal Preso Politikoen abokatuen eta gure aldeko sostenguan ari diren hainbat euskal herritarren aurka izandako polizia sarekadaren ondoren Osnyn gauden kideon irakurketa zuei helaraztea da.

Sarekada honek Euskal preso politikoak ditu jomugan. Gure aldeko sostengua ito nahi dute. Gure herritik isolaturik eta babesgabe nahi gaituzte, defentsa juridikorik gabe, gure ingurukoengandik umezurtz, gure hitza mutu, eskubiderik gabe, umiliaturik. Hala nahi gaituzte.

Azken urteetan, EPPKk urrats nabarmenak eman ditu gatazkaren konponbidearen testuinguruan berak ere bere alea jarriz. Osnyko kideok urrats horien partaide izan gara, badakigulako Euskal Herrian gatazkaren konponbiderako prozesurik aurrera aterako bada, guk izan behar dugula lehenak urratsak ematen. Hala egin dugu azken urte hauetan eta etorkizunean urrats berrietarako borondatea ere badugu.

Guk hainbat aldiz adierazitako borondate horren aurrean, Espainiar zein Frantziar estatuek itsu, gor eta mutu jarraitzen dute, ezer pasa ez balitz bezala, edo akaso ezer pasatzea nahi ez eta hori galaraztea helburu balute bezala. Zergatik erasotzen dute gure aldeko defentsan edo elkartasunean dabilen jendea gure urratsak oztopatzeko ez bada? Zergatik jarraitzen dute estatuek eskubide zibil eta politikoak urratzen gatazkaren konponbidea oztopatzeko ez bada? Inork serioski uste al du atxiloturiko abokatuak dirua zuritzeagatik atxilotu dituztenik PP eta PSOEko kide asko korrupzio, diru publikoaren lapurreta eta hamaika txantxuiloren errudun nagusiak direnean?

Isolaturik nahi gaituzte, baina guk oihuka jarraituko dugu. Gatazkaren konponbidea oztopatu nahi dute, baina guk konpromisoekin aurrera jarraituko dugu. Defentsa juridikorik gabe eta babesgabe nahi gaituzte, baina badakigu gure abokatuek, orain arte bezala erronkari eusten jakingo dutela. Elkartasunik gabe nahi gaituzte, baina badakigu preso politikoen eskubideen errespetuaren eskaera gehiengoaren aldarrikapena dela.

Hori horrela, zuen modura eraso berri honi erantzuteko eskatzearekin batera, Osnyko preso politikook Urtarrilaren 17an espetxeko patioan kontzentrazioa egin(go) dugula eta 18tik 23ra bitarte txandakako baraua egingo dugula jakinarazi nahi dizuegu.

Guztiok, eskubide guztien jabe! Errepresiorik ez, erasorik ez! Amnistia eta autodeterminazioa!

Recherche