Lurdes Azurmendi, Bernardo Arregi eta Zizurkilgo beste hainbat herritar

Patuaren esku?

Ohituak gaude «irteera operazioak» utzitako istripuen zenbakiak entzutera, ohituak gaude, errepidean goazenean atzean heriotzaren itzala ikustera. Badakigu, errepidera irteteak arriskua dakarrela berarekin. Baina ohituak gaude, eta irten egiten gara.

Ikasia daukagu errepidea zoriozko tonbola bat dela eta ezbeharrak gertatzen direla. Guri tokatuko ez zaigun konfidantza izaten dugu beti. Baina tokatu egiten da.

Eta dabilenari tokatzen zaio, nola ez. Txartel gehiago izanik, aukera gehiago tonbolan.

Txartel hauetariko asko Espainiar eta Frantziar estatuek banatzen dituzte, ukatzeko aukerarik eman gabe. Dispertsio politikak bihurtu ditu tonbolaren biktima preso eta iheslarien senide zein lagunak. Eta maiz «tokatzen» da. Aurten, 9 izan dira txartel hori ordaintzea tokatu zaienak. Eskatu ez zuten txartel hura garesti ordaindu dutenak. Garestiegi.

Azken txartela, zuen etxekoa izan da. Hilabetean behingo familia giroko une bakarra gozatu ostean, elkar irribarrez agurtu eta aukerarik gabe jarri zizueten etxerako bide luzea hartu zenuten: Mila, Eñaut eta Irati. Mikelek, irribarre gazi-gozoz agurtuko zintuzten, etxerako bidaia ona opaz.

Azkar zabaldu ziren dei urduriak, informazioa ez zen oso argia, baina herritarren asmoa bai. Segituan bildu ziren eskuak, begia, asmoak, animoak,…

Gertatu denak ez du bueltarik, aurre egitea besterik. Baina guk, zuekin gaudenok, maite zaituztegunok eta zuen bidelagun sentitzen garenok, ez zaituztegu zoriaren esku utziko.

Bada garaia patuari heldu, eta eraikitzeko. «Irteera operazio» berri bat eraiki nahi dugu, inor gogoz aurka tonbolan sartuko ez duena, eta Mikel zein gainerakoak etxerako bidean jarriko dituena. Bide hori hasia da.

Orain, Mila, Eñaut eta Irati, hartu atseden eta indarberritu, herritarrok hartuko dugu lekukoa eta zuen bidea jarraituko dugu. ANIMO!

Mikel, badakizu Xiba – Jokoak talde lana direla. Guk, zugandik ikasi dugu. Zuk sokarik ez askatu, guk gogotik tirako dugu eta. Elkarrekin lortuko dugu.

Maitasunez betetako besarkada bana bidaltzen dizuegu, bidali beharrik izango ez den egunaren zain.

Recherche