Patxi Larrainzarko jantokiko hezitzaileak eskola-jardunaldiaz
Patxi Larrainzar LHIren hezkuntza-komunitatearen parte garen aldetik, eskola-jantokiko hezitzaileok beharrezkotzat jotzen dugu eskola-jardunaldiaren etorkizuneko ordutegia hautatzeko prozesuari buruz dugun iritzia ematea.
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua eskolaldi zatituaren aldekoa dela dirudien arren, beste behin ere ikastetxe bakoitzeko irakasleen eta familien esku utzi du erabakia, eskolaldi zatitua haurren biorritmoekiko errespeturik handiena dela frogatzen duten estudioekin konprometitu gabe.
Horregatik guk eskolaldi zatituaren alde egiten dugu. Are gehiago kontuan izanik gure lanaldiak ‒berez nahiko txikiak direnak‒ eta jantokiko lanpostu-kopurua bermatzen dituena delako, argi eta garbi.
Eta bai, ikastetxeko irakasleen klaustroak egiten duen bezalaxe hitz egiten dugu geuk ere gure lan-baldintzei buruz.
Horrelako erabakietarako ikusezinak gara, zero bat ezkerretara, ez gaituzte kontuan hartzen ez boto batekin, ezta ahotsarekin ere. Gogoratzekoa da Eskola Kontseilua dela (zuzendaritza, irakasleak, atezainak, familiak) prozesua abiatzen duena. Non gaude gu?
Aldiz, kontuan hartzen gaituzte, bai, ikastetxeko hezkuntza-proiektuan sartzeko eta ikasle guztien ongizate emozionala, nutrizionala eta ludikoa bermatzeko, familia berriak sartzeari eta lehendik daudenen lasaitasunari begira, eskatzen zaizkigun eginkizun guztiak betetzeko gure esku dagoen guztia ematera behartuz.
Catering enpresa aldatzearekin batera, jantokiko lantaldean zalantza eta beldur asko sortu ziren, baina zerbait oso argi gelditu zitzaigun: baliteke enpresak etorri eta joatea, baina guk hemen jarraitzen dugu, hemengoak gara, Patxi Larrainzarkoak gara.
Gure txikiengatik dena ematen jarraituko dugu, horiek baitira gure lanaren zentroa eta arrazoia, beren bizi-kalitateagatik, kalitatezko eskola publiko inklusibo eta euskaldunagatik. Alde horretatik, eskerrak eman nahi dizkiegu familiek, jantokiko batzordeak eta enpresak helarazten diguten aintzatespenagatik eta babesagatik.