Xabier Gutiérrez Caballero | Zornotza

PNV: utzi bakean Zornotza

Gure memoria oso ahula denez, gainbegiratu bat egingo diogu azken 15 urte PNVren eskutik gertatu den gure herriaren aldaketari. Zelaieta parkeko lau lore politek ezin dute hainbeste urteko gestio txarra ezkutatu.

Herriarentzat «proiektu estrategikoa» eta «progreso» hitzaren atzetik, amalurrak (eta amalurrarekin guk) itzelezko erasoa jaso du, hori bai dena izan da Zornotzako biztanleen ongizatearen alde. Bai, zera!

Proiektu estrategikoaren izarra Boroako zentral termikoa daukagu, gaur egun, urte erdia geldirik dagoena. Kasualitatea izan da eraiki zenetik, bai kutsadura atmosferikoak, bai angindarraren fakturak igoera handia.

Beste proiektu «beharrezko» bat gure herriarentzat, zelaieta parke azpiko parkina izan zen, gaur egun hutsik dagoena eta aparkaleku genienak saldu barik. Gogoratu behar da, bi proiektu hauek Zornotzako herritar gehienen iritziaren kontra egin zituztela, zentral termikoaren ingurukoa erreferendum baten bidez adierazi baitzen eta parkina sinadura bilketa handi baten bidez.

Eta nola ez, gutxiago ez izateko, Euskal Herriko obra anti-ekologiko eta anti-sozial handiena Abiadura Handiko Trena gure auzoak eta herria txikitzen ari da. Begirada bat besterik ez da egin behar Ixerangon, Astepen, Leginetxen, Bideaurren, Montorran, Bernagoitian eta Bernan. Suntsipena ikaragarria da eta gainera ustelkeriaz nahastuta, Corsan enpresaren eskutik Zornotza eta Lemoa arteko zatian.

Espero dugu beste «proiektu estrategikoa», frackinga, inoiz ez jartzea martxan, ez Zornotzan, ez inon, horretarako sinadura bilketa egiten ari gara.

Gure herriaren beste auzo batean, Autzaganen, kotxez 2 minutu lehenago Gernikara heltzeko, itzelezko obra eta tunela eraikitzen ari dira. Beldurra ematen du handik pasatzea. Arriskua, kutsadura airean eta errekan, eskerrak ere hori «progresoa» dela.

Bukatzeko gure kontsumismo aseezina errazago egiteko, PNVk ‘Dendariak’ dendarien elkartearen laguntzarekin prest agertu dira udaletxeko arau subsidiarioak aldatzeko, zentral komertzial handi bat eraikitzeko Tantorta auzoan. Dendariak alde, nork ulertzen du hori? Euren dendaren itxiera suposatuko du eta alde egotea? Ulertezina.

Hau guztia kontuan hartuta, zergatik hemen ez da ezer gertatzen? Datorren hauteskundeetan betikoei bozkatuko diezue? Nahikoa da, Zornotzak aldaketa behar du eta herritarrok bultzatu behar dugu aldaketa hori.

 

Recherche