Poitiers-Vivonne espetxeko egoera
Lehenik eta behin jaso ezazue besarkada bero bana egun seinalatu hauetan, Euskal Preso politikoen eskubideen alde lanean zabiltzatenok. Gutun honen bidez, Poitiers-Vivonneko espetxean bizi dugunaren berri eman nahi dizuegu. Espetxe honetan 3 kide aurkitzen gara, Raul, Montxo eta Iosu. Poitiersko espetxea EH-tik 500 bat Km-ra aurkitzen da eta EH-tik urrunduak eta kolektiboko beste kideekin sakabanatuak egoteaz aparte, azken asteotan bisita eskubideak urratzen ari zaizkigu. Iosu DPS bezala kalifikatua dauka espetxe administrazioak. DPS izatea «preso bereziki zaindua» esan nahi du. Kalifikazio hori espetxe administrazioak espetxeratua izan zaren afera nolakoa denaren arabera jartzen du. DPS izateak hainbat neurri aplikatzea ekartzen du, besteak beste, espetxeko mugimenduak kartzelero batek zaindua egitea, gauetan 3 ordutik behin begitxulotik begiratzea (neurri hau Raul eta Montxok ere jasaten dute) honek askotan esnaraztea suposatzen duelarik… Bisitei dagokienez, orain arte DPS kalifikazioa zuten presoek elkarrekin bisita ordu eta egun berean egin ahal bazuten ere, orain bi DPS-k ezin dutela ordu berean bisita egin esan digute. Horrek suposatzen du astebukaeran bisita bikoitza hartua badu DPS batek besteak ezin duela ordu horretan egin, edo lehenago bisita sinplea (45’min) egiten du edo ez du bisitarik egiten. Astean zehar bisitak egiteko aukera ere badago eta tarteka egiten baditugu ere, gure senide eta lagunek normalean astean zehar beraien egin beharrak dituztenez astebukaeran etortzen dira bisitan. Espetxeko zuzendaritzaren aldetik harturiko neurri honek, Iosuren kasuan, bisita bikoitza hilean bi aste bukaeratik behin edo gutxiagotan egitea suposatuko luke.
Hemen aurkitzen garen kideok ez dugu inolaz ere onartzen orain arte dugun bisita eskubidea ukatua izatea, espetxe zuzendaritzak bisita eskubidea ukatu beharrean zentzuzko irtenbide bat ematea exigitzen dugu, horretarako espetxe zuzendaritzarekin bilera bat egitea eskatu dugu.
Espero dugu lehenbailehen zuzendaritzarekin bildu eta akordio batera iristea, non Iosuren bisita eskubideak errespetatuak izango diren eta orain arte bezala senide eta lagunek bisita egiteko arazorik ez duten izango. Beste senide eta lagunen egunetatik aparte bisitak egin behar izateak, kanpotik datozenei ere zigor gehigarria suposatzen baitio. Bisita egunetan guztiak batera etortzeko elkar koordinatzen dute, gastu ekonomikoa elkarrekin konpartitu dezakete, bakarrik bidaiatzeari (horrek suposatzen duenarekin) etab. aurre egiten dio. Arazo honi buelta emateko EH-tik gutun bidalketak eta guk espetxean bertan hainbat ekimen jarriko ditugu martxan, arazoa konpondu ezean beste borrokaldi batzuei emango genioke bide. Euskal Preso Politikoen kolektiboa osatzen dugun kideon eskubideak errespetatuak izateko espetxe barruko eta kanpoko koordinazioa ezinbestekoa ikusten dugu. Guztion presioak ahalbideratuko baitu kolektiboko kideoi aplikatzen zaizkigun salbuespeneko egoerak gainditzea. Zoritxarrez amaigabeak dira etsaiak gure kolektiboko kideon aurka aplikatzen dituen eskubide urraketak eta guzti horrek mendeku politika eta gure herria ito nahiari soilik erantzuten dio. Guzti horri aurre egiteko ezinbestekoa dugu barruan eta kanpoan antolatzea, beraz hemendik jaso ezazue gure besarkada borrokalariena eta Euskal Herria bihotzean ondo amaitu urtea eta hobeto hasi. Guztion artean lortuko dugu.
Euskal herria kalera!
Presoak kalera!