(*) Edurne Huesa Otegi

Tren geltokian euskaraz?

Maiatzaren 1ean, trenetik jaitsi eta Ordiziako tren geltokian sartuta, takila itxita eta ate automatikoak zabalik zeudenez pasatzen hasi ginen. Orduan Renfeko segurtasun zaindariek bileteak eskatu zizkiguten gazteleraz, eta euskaraz erantzun genienez, gazteleraz egiteko erantzun, guk euskaraz jarraitu, eta «estamos en España y la lengua oficial es el castellano» erantzun ziguten.

Biletea falta zutenek, Legorretan trena hartu zutelako eta han takilarik ez dagoelako, makinatik biletea ateratzen hasi ziren, gure artean euskaraz hitz eginez. Berriro segurtasun zaindariek gazteleraz egiteko eskatu, eta hala egin ez genuelako, ertzainak deitu zituzten. Zazpi-zortzi ertzain inguru etorri eta lehenengoak gazteleraz egin zigunez, euskaraz egiteko eskatu genion eta hark berriz, guk gazteleraz egiteko erantzun. Ertzain guztietatik norbaitek euskaraz egiteko eskatu ondoren, ertzain bat euskaraz hasi zitzaigun, esanez gazteleraz egiteko, besteek ulertzeko, errespetoz eta guk erantzun, ez behartzeko gazteleraz egitera, gure hizkuntza euskara delako.

Azkenean eztabaida amaitu zen, baina biletea atera zuten bi lagunen datuak hartu zituzten. Egoera honen aurrean REnfe zein Eusko Jaurlaritzari eskatu diegu beharrezkoak diren neurriak har ditzatela, tren geltokietan euskaldunok gazteleraz egitera behartuak izan ez gaitezen eta ertzainek ere euskaraz artatu gaitzaten.

(*) Sinatzen dute ere: Jose Manuel Aranzabe Zubelzu, Antonio Aierbe Garmendia, Pedro Maria Olano Azurmendi

Recherche