Xanti Begiristain Madotz | Auritz

Sakabanaketa/urruntzea, ekologiaren aurkakoak

Preso guztien (politikoak, prebentiboak, sozialak, kontzientzia-presoak) sakabanaketa eta urruntzea berehala bukatu beharko lirateke, eta ez arrazoi bakar batengatik, ez, baizik eta hamaikarengatik.

Ikus dezagun: Frantziako eta Espainiako estatu ankerren uztarri astunen menpean bizi diren preso guztiek, esan dudan bezala, zio asko dute sakabanaketaren eta urruntzearen aurka jarduteko, baita gizarte arruntak ere. Zergatik? Bada, lehenik eta behin, estatu horiek beraien legeen kontra ari direlako, presoak ez uztean egoten beren etxeetatik hurbil. Bigarrenik, familiei eta hurbileko pertsonei jartzen dietelako bidegabeko zigor erantsia. Hirugarrenik, horrek egundoko arriskua dakarrelako familia eta lagunen bizirako: heriotzak, zauriak, beldurrak, tentsioak, estresak eta abar; horrek guztiak, presoei ere kalte egiten die, batere merezi gabe, epaiak ez baitie halako zigorrik jarri. Laugarrenik, zigor ekonomiko latzak jartzen dizkietelako familiei eta beren lagunei, modu bidegabe berean, hau da, sententziak agindu gabe. Bosgarrenik, haur motxiladunei egundoko kalbarioa jartzen dietelako, inolako errurik eta justifikaziorik gabe.

Laburbilduta, ekintza eta jokabide horietan berenbiziko giza eskubide urraketak gertatzen dira, inolako arrazoi eta zentzurik gabe. Baina, hala eta guztiz ere, eta, gezurra balirudike ere, oraindik badaude beste bi arrazoi handi eta sendo, preso guztien urruntzeari eta sakabanaketari bukaera emateko, eta, hain zuzen ere, bat, ekologiarena da. Garai honetan, klima aldaketaren aurka, gobernuek hainbeste neurri hartu beharko lituzketenean, zer eta, presoen senitartekoak eta adiskideak behartzen dituzte milaka eta milaka kilometro egitera, horrek dakarren erregai fosilen kontsumo izugarriarekin, eta, ondorioz, gas kutsatzaile emisio gaitzarekin, esaterako, karbono dioxidoa; hortaz, klima larrialdia erabat areagotzen duena. Hitz gutxitan, guztiz kaltegarria eguratsarentzat, eta ekologia-sistemaren kontrakoa. Eta bigarren arrazoia, osasunarena, alegia, covid-19 gaitzaren izurritea oraindik erabat bukatu ez denean, presoen ahaideak eta beren inguruko pertsonak behartzen ari dira milaka eta milaka kilometro egitera, horrek dakarren kutsatzeko eta kutsatuak izateko arrisku guztiarekin.

Beraz, eta bukatzeko, gainerako beste arrazoi guztiez gain, osasun eta ekologia zioengatik ere, eman diezaitela bukaera preso guztien urrutiratzeari eta sakabanatzeari!

Recherche