Egoi Aldalur, Donostiako Udaleko LABeko Sail Sindikala

SOS Udaltzaingoa

Donostiako Udaltzaingoak oraindik ez dio konponbiderik eman plantillan duen langile faltari. Udan plantilla beti indartu izan da dozenaka udaltzainen kontratazioarekin, Donostia bezalako hiri turistiko batean udan sortzen diren behar eta zerbitzu desberdinei erantzuteko.

Udalak bat egin du Arkautiko poltsa eta deialdi bateratuekin, eta ikusi dugu udako aldi baterako programak betetzeko zailtasunak errepikatzen direla: urteren batean ez zen agenterik iristen, besteren batzuek ez zituzten hizkuntza-baldintzak betetzen eta abar.

2024ko uda honetan beste desastre bat dugu, udaltzaingoak poltsa bateratutik agenteak eskatzen dituenean udako aldi baterako programa burutzeko (100 inguru), Erandiotik 30 udaltzain baino ezin izan dituzte bidali, bertan dagoen poltsak ez baitu ematen udalerri guztiek eskatzen duten udaltzain kopurua bidaltzeko.

Azpimarratu behar da ere azken enplegu eskaintza publiko (EPE) bateratuan berrogei agente ari direla formakuntza burutzen Arkautin Donostiarako. Horietatik erdiak, ordea, beste probintzia batzuetakoak dira, eta hurrengo deialdiko oposizioa egingo dute bizi diren udalerrietara hurbiltzeko.

Horrek pertsona horiei lanera etortzeko egunerokotasunean mugikortasun arloan eragiten die (batez beste 150 kilometro egunean), eta udaltzaingoaren azken akordioan aldatu egin behar izan da udaltzain horiek epaitegira joateagatiko lekualdatzeen konpentsazioa ordaintzeko araua.

Nahiz eta gobernu taldeak eta udaltzaingoaren buruzagitzak gaiarekin tematu, hau ez da bidea. Joaten zaizkigun funtzionarioak prestatzen ditugu, eta Arkautitik ez dira gai hiriak behar duen udaltzain kopurua bidaltzeko. Turismoak gora egin du etengabe, eta udaltzaingoa indartu beharko lukeen agente kopuruak behera egin du, horrek langileen artean dakarren lan- karga handitzearekin batera.

Beraz, poltsa eta deialdi propioak aldarrikatzen jarraituko dugu, hiriak udaltzaingoaren plantilla dimentsionatua, hurbila eta kalitatezkoa eduki dezan.

Recherche