Juan Luis Mugertza Unanue

Swazilandiako ihien dantza

Swazilandiak monarkia konstituzional motako erregimena du, eta erregea da estatuko burua. 1993az geroztik, erregeak izendatzen ditu legebiltzarreko kide batzuk, hauteskunde itxurak egiten baditu ere. %34 swazilandiar langabezian daude, ia %70ek dolar bat baino gutxiago irabazten dute egunean, eta %39 Hiesak infektatuta daude. Halarik ere, arazo horiek ez omen dute larritzen afrikar kontinentean monarkia absolutu bakarra duen Mswati III (Lehoia ezizenez ere ezaguna) errege poligamoa. Ezta Hegoafrikako Durban kaiatik jauregira hamalau emazteentzat, eta amarentzat erositako hamabost Rolls-Royce, eta BMWz betetako hamabi kamio ordaintzeko erabilitako hamabost milioi eurok ere. Mswati III erregeak bestelako ardurak ditu. Udaro (askotan, abuztuaren azken astean) Swazilandiako hiriburuan,  Mbabanen, ordoki zabal batean, milaka emakume gazte erdi biluzik dantzan aritu bitartean, bere gutiziak nork asetuko dituen erabaki behar izateak kezkatzen du, batez ere. Izan ere, tradizioak aukera eman ohi dio Umhlanga, edota Ihien dantzan (ingeleraz, Reed dance) gustuko emaztea aukeratzeko. Parte hartzen duten guztiak birjinak dira, eta asko umemokoak –sei urtekoak ere ba omen daude–, eta guztiek nazio-bandera kolore biziko arropa jantzita, aihotzak, lastargiak, gerrari eskudoak, eta beraiek batutako hiru lau metroko ihiak eskuetan, abestu, eta titiak begi bistan dituztela, ametsetarako beta hartzen dute. Swazilandia bezalako lurralde batean, askori gerta dakion gauzarik onena erregeak emaztetzat hartzea da, eta bizitzaren gainerako urteak jauregi batean ondo bizi izatea da. Hori bai, protokoloak esan ohi du ezkontza egiteko neskatxoa haurdun egon behar dela. Honela erregea neskatxoaren emankortasunaz baliatuko da gero ezkontza begi onez ikusiko duen ala ez erabakitzeko. Umerik ez badago tartean neskatxoa baztertua da. Hala ere, Mswati III-k ez du erraz izango aitaren kopurua berdintzea, nahiz eta, dagoeneko, hamalau emazte, eta hogeitabost seme-alaba izan. Aitak 70 emakume baino gehiago izan zituen, eta berrehun seme-alaba.

Recherche