Txakurrek egoiliarrek baino eskubide gehiago al dituzte?
Bi izeba ditut Santa Ana egoitzan. Pandemia egoera dela eta, egoitzaren mugetatik atera ezinik oraintxe bertan. Hesiari helduta, Rosaledara begira, galdera hau da egin didatena eta egiten diotena herriari. Han ikusten dituzte txakurrak euren jabeekin bueltaka eta eurak, begira. Ulertzen dute garai zailak direla, ulertzen dute neurri zorrotzak hartu behar izatea,baina bazterkeria hutsa iruditzen zaie Egoitzaren ondo-ondoan izanda Rosaleda, lehentasunik ez izatea egoiliarrek.
Itxiturari dagokionez, Rosaleda oso erraz kontrolatzeko lekua da. Parrokia aldera dago solik irekita. Izebek esaten duten moduan, oso sinplea litzateke konponbidea: alde hori ere itxi eta sarrera bakarra Santa Anakoa izatea, bertako 88 egoiliarrek asnasgune bat izan dezaten.
«Malekoian udan erabili dituzten hesiak hor jarri besterik ez dute gu babestea baldin bada kontua!». Irtenbidea ere hortxe ikusten dute, eskura.
Eurek ikusten dute, badute zer erantzun bizi duten itolarri egoera honi ere. Zentzuduna da aldarrikapena. Are gehiago konponbidea, borondaterik badago behintzat. Eta epe motzean, luze joko duen kontua da eta.
Dagokionari, dagokiona egin dezan. Ahotsa eta hitza izebena da, idatziz jartzea besterik ez da izan nire lana. Erantzunaren zain daude hesiaren bestaldeko txakurrei begira.