Udal agenteok Nafarroako Polizien Legearen kontra
Prentsan agertu diren azkeneko berrien arabera, Nafarroako Polizien Legearen zirriborroari buruz, Baztan, Bera, Lesaka eta Leitzako udal agenteok bildu gara eta lege honen kontrako gure jarrera publikoki adierazi nahi dugu.
Hasteko, ziriborro hau foruzain eta Iruñeako udaltzainen sindikatuen aldetik idatzia izan da, udalen beharrak eta egoerak, biztanle eta udal langileak kontutan hartu gabe, eta Barne Kontseilaritzarekin adostua izan da.
Gaur egun, indarrean dagoen legea, duela hiru urte idatzia izan zen, udal agenteek udal gehienetan ematen zuten zerbitzua antolatzen zuen. Lege hau hobetzen ahal da eta ongi ez dauden gauzak hobetzen ahal dira, baina ez dugu ulertzen zergatik indargabetu behar dira 2015eko legeak ekarri zituen hobekuntzak.
Udal agenteok, foruzain eta udaltzainen prestakuntza bera izanik, bai oposaketak eta akademia berdina eginik, ez dugu ulertzen zergatik gelditu behar gara Nafarroako Polizien Lege honetatik kanpo. Foruzain eta udaltzainen betekizun eta betebeharrak izango ditugu baina horien etekin eta eskubideak ez zaizkigu ezarriko.
Zirriborroa aztertu eta gero, buruzagien polizia sindikatu profesionalek testu hau negoziatu dutela ondorioztatzen dugu. Polizia sindikatu hauek ertain eta goiko mailetako buruzagien aldetik begiratzen dute bakarrik. 2015eko Polizia Legearekin galdu zituzten ordaisariak berreskuratu nahi dituzte lege honekin, gainontzekoen gainetik pasatuz.
Lege honek dakarren izugarrizko soldata igoera hau, Foruzaingoa eta Iruñeako Udaltzaingoaren buruzagientzako da. Euren aldeko lege bat negoziatu dute gainontzekoen eskubideak kontutan izan gabe (lan baldintzak txarrera eginez, araubidezko erregimena gogortuz eta 2015eko legeak onartzen zizkigun eskubideak deuseztatuz).
Aurkeztutako lege zirriborro hau, buruzagien sindikatuek eurentzako izugarrizko soldata igoera hutsa da, gainontzekoen lan baldintzen gogortzearen truke negoziatu dute, gezurrezko eraginkortasun batez mozorratuaz.
Hau da euren burua ezkertiartzat jotzen duten alderdiek aurkezten eta eraikitzen duten legea.