Juan Luis Mugertza Unanue

Urkulluren euskara

Ez dakit, bada, ondo egin nuen euskararen aldeko hautua horren estu hartzen. Izan ere, sarri askotan sufritu egin ohi dut euskararen egoera ikusita, eta ez dakit gizarte erdaldun honek merezi duen. Bestelako jarrera izatea nahiago nuke, baikorragoa, Urkuluren antzekoa, esaterako: «Azken hogeita hamar urte hauetan zazpi lurraldeetan, 280.000 hiztun gehiago irabazi ditugu, eta gazteen artean, hamasei eta hogeita lau adin tartean, hiztunak bikoiztu egin dira zazpi lurraldeetan. Euskararen erabilerak gora egin du etengabe». Bai, horrelakoa izatea gustatu litzaidake, baina ezin dut ekidin, nahiz eta behin baino gehiagotan horrelakoekin bat egin nahi. Ez ulertu gaizki. Gainera, ni bizi naizen parajeak ez dakit, bada, horretarako aukera handia ematen duen. Gaur, esaterako, behin baino gehiagotan bezala, Aretara (Getxora) joan naiz, paseatzera, itsas bazterretik, eta ikasle askorekin (200 bat ikasle, bai) tope egin dut. Tarte luze batean elkarren ondoan egin dugu, beraien arteko elkarrizketak gaztelera hutsean entzun bitartean. Halako batean, badakizue nolakok garen adin batetik gorakook, irakasle bati galdetzea bururatu zait: «A eredukoak dira?». «Ez. D eta B eredukoak». Nire detektibe lanak arrasto gehiago behar zuela sinetsita, neskatxo bati beste galdera bat egitea bururatu zait: «Nongoak zarete?». «Portugaletetik». Eta zera pentsatu dut: hauxek izango dira, behin baino gehiagotan, burua zuritzeko euskararen inguruan batzuek erabiltzen dituzten datu baikorrak? Ez dakit, bada, horrelako propaganda zabalduta, lehen baino baikorragoa izango naizen.

Recherche