Laura Luengo, Ikasle Sindikatuko bozeramailea

Urriak 26. Ikasle greba orokorra. Elkartasuna Palestinako herriarekin

Hamarkadak dira Israelgo Estatu faxista, kolonialista eta sionistak Palestinako herria jazartzen, erasotzen eta sarraskitzen duela. Gaza munduko kontzentrazio-esparrurik handiena bihurtu da: bi milioi pertsona inguru bizi dira pobrezia latzean, ezin izan dira lurraldetik irten eta etengabe bonbardaketak jasan dituzte azken urteotan, milaka hildako eraginez.

Netanyahu eta bere Gobernu erreakzionarioak genozidio berri bati ekin diote. Azken egunetan 3.000 errugabe hil dira eta milioitik gora dira nolanahi ihes egin ala hiltzearen artean aukeratu beharrean daudenak. Eraso militar honek AEBen, Europar Batasunaren eta Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernuaren babesa du.

Mendebaldeko presidenteen aldetik ikusten ari garen hipokrisiak ez du mugarik. Orain palestinar guztiak «terroristak» direla diotenak eta Israelgo Estatu terrorismoa justifikatzeko komunikabideak jo ta su lanean dituztenak dira, hain zuzen, okupazio militar basatia eta milioika palestinarren giza eskubideen urraketa sistematikoa ahalbidetzen dutenak. Euren politika arrazistarekin Mediterraneoa eta Europako ateak hilobi erraldoia bihurtu dituzten berberak dira. Akaso batzuen bizitzak besteenak baino gehiago balio al dute? Ez dute lotsarik, ez dugu haien propaganda irensten!

Sarraski berri honen irudiek barrenak inarrosten dizkigute eta sekulako haserrea piztu dute. Palestinako herriari elkartasuna adierazteko mobilizazioak benetan handiak izaten ari dira mundu osoan: New York, Chicago, Londres, Amsterdam, Paris, Madril, Bartzelona... eta arabiar mundu osoan. Elkartasun internazionalista, ezkertiar eta aurrerakoia da, zerikusirik ez duena Hamas eta bere integrismo erlijiosoa babestearekin.

Ikasle Sindikatua Palestinako herriaren lubakian gaude, bertako emakume, gizon eta haurren ondoan. Euren eskubideak defendatuko ditugu zapalkuntzarik gabeko bizitza izateko, benetako independentzia eskuratzeko, okupazioarekin amaitu eta esklabotza inperialistarik gabeko justizia soziala izatekoak alegia.

Horregatik, gazte guztiei dei egiten diegu datorren urriaren 26an ikasle greba orokorra egitera, ikasgelak hustera eta 12:00etan egingo ditugun mobilizazioetan parte hartzera. Palestinako gure anai-arrebak ez daude bakarrik eta ez gara besoak gurutzatuta geratuko Gazan sarraskia eta odola barreiatzen duten bitartean.

Genozidioa gelditu! Aski da! Gora Palestinako herriaren askapen borroka!
Kanpora okupazio sionista!

12etan mobilizazioak: Bilbon, Arriaga Plazan eta Gasteizen, Andra Mari Zurian.

Recherche