Joseba Leizeaga

XXI. mendean

XXI. mendean, hasiera honetan behintzat, itxura nagusi da. Guztia kanpora begirakoa da, besteok ikustekoa, guztiok besteoi begira, kanpora so; konponbidea beste inork, kanpotik ekarriko digulakoan itsuki sinetsita.

2015-2016ko negua, ezagutu dugun beroena izan omen da, eta bitxikeria gisa, plumiferoak, artilezko txanoak, bufanda erraldoiak… modan egonik, inoiz baino gehiago saldu dira. Kontraesan nabarmena, eta aurpegi gorritu gehiegi.

Dendak, tabernak, komertzioa orokorrean kanpora begira, kalea hartzen, espazioa okupatuz. Ez al da kezkatzekoa? Dirudienez… ez.

Guztiak kanpora begira, etorkizunari eskean, oraina ahazturik, iragana errepikatzen. Hainbeste urte horrela. Hitz gehiegi eta ekintza gutxi hauek eusteko, ekintza gehienak, hitzak hausteko erabiltzen baitira oraino. Ez al gara ohartu, oraindik, horrela ez genuela ezer lortu, ez garela ezer lortzen ari eta ez dugula inoiz ezer lortuko?

Guztiak kanpora begira, guztiak begira, gutxi batzuek zain, eta hauetako gehienak, denbora gehiegi zain egotera ohiturik, zain egotera kondenatuak. Horrela, nola edo noiz ohartuko gara konponbide osoa gure baitan eta gure esku dagoela, beti egon dela eta beti egongo dela?

XXI. mendean, pose gehiegi, itxura nagusi, orokortua. XXI. mendean oharkabetasuna nagusi, menperatzaileak nagusi. XXI.mendean, azal asko eta mami gutxi. Ardi galdu gehiegi, artalde izaera nagusi eta artzainik ez.

XXI. mendean, posea izatea erailtzen ahalegintzen ari da. Posea ez da poesia. Posea, oskol huts bat baino ez da, fosilizatutako jarrera errepikatu zatar bat. XXI. mendean, txikiak (ez naiz haurrez ari, noski) handi eta handiak txiki.

XXI. mendean, halere, eguzkia eta argia nagusituko dira. Beti, orain eta hemen.

Recherche