Karla Fernandez De Labastida

Zaindu maite duzun hori

Olarizu bake aterpea da niretzat, naturak ematen didan lasaitasuna benetako berdetasunarekin, artifiziorik gabe. Kantauri itsasoak transmititzen didan bakea ekartzen dit gogora baina Arabako Lautadatik irten barik.

Olarizuko Lorategi Botanikoa esaten duten hizkietatik sartzen naizen momentutik hiriko zalaparta nahiz eguneroko arazoak atzean uzten ditut  eta naturarekin harreman zuzena hartzen dut, benetako reset bat lortuz.

Ematen didan bake horrek nire ideiak antolatzen laguntzen dit eta pauso gutxitan bainuetxe edo spa antzeko batera eramaten nau, bainuetxe natural batera hain zuzen ere.

Olarizu da askorentzat hiriko biriki garrantzitsuenetako bat. Horregatik, hiri kanpoko lagunak datozenean berau ezagutzera eramaten ditut. Arrakasta ziurtatuta dago. Goizean alde zaharraz gozatzen dugu, bazkaltzeko babarrun gozo batzuk eta arratsaldean eraztun berdetik buelta bat ematera eramaten ditut, nire hiriko txoko kuttunera; Olarizura.

Edozein turistarentzat plan ezin hobea da, natura bere puri-purian bisitatzea, denborarekin eta lasaitasunez. Naturak ematen dizkigun propietate sendagarriez barneratzen baita, orain dela hiru urte ikusi genuen bezalaze hiriko parkeek Dato kaleak duen jende mugimendua izan zutenean.

KONTUAN izan behar dugu Gasteizko hegoaldean Udaletxeak eraiki nahi duen Landare Labirintoarekin inguru honenganako lasaitasuna eta errespetu tradizionala galduko dela eta geroago damutu beharko dugula.

Errespeta dezagun natura 5.000 metro karratuko hesiz osatutako Landare Labirinto bat eraiki gabe, monolaborantza bakarra izango duena. Apustua egin dezagun inguruko biodibertsitatearen nahiz pertsona-animali/landareen arteko bizikidetzaren alde.

Esaten dutena esaten dutela, iraunkorra ez den turismoa erakarriko du, eta iraunkorra den turismo plan batetik jaso denez Europako dirulaguntza, onartezina da.

Gure ardura da lehenengo Olarizuko zelaia ukitu ez dadila eta hurrengo belaunaldiek goza dezatela.

Instituzioei biodibertsitatea errespetatzeko eskatzen diet eta baita gasteiztarrak Olarizuko lehenengo zelaiaren defentsan altxa daitezen.

Recherche