«Zero kilometroko» eskola
Matrikula-aldia amaitu berri da eta agian lerro hauek egokiagoak izango ziren aste batzuk lehenago.
Beste arrazoi asko ere eman litezke gure seme-alabak eskola publikoaren esku uzteko, baina gaur erabaki hori defendatu nahi nuen, sarritan kontuan hartzen ez dugun beste argudio batean oinarrituz; hain zuzen ere, hurbiltasunarenean.
Eta ez, ez naiz hona iritsi hausnarketa sakon (egon badaude: "Educación y proximidad: ¿Qué ganamos?", Joan Subirats) baten ondoren, esperientzia pertsonalagatik baizik; umetan bizi izan nuenagatik eta gaur egun ikastetxe publiko baten zuzendari moduan ikusten dudanagatik:
Cosgaya, Verdugo, Romero eta Cregorekin ez nuen ikastetxe bakarrik partekatu, baizik eta ikastetxe horraino doazen kaleak, Araceliko txutxe denda, sanjuan suak, Franco Belgako trenbide ertzak, uda bukaezinak eta Barakaldo hiri gisa amaitu eta lurralde berri bat zabaltzen zen zelai eta orube eremu majikoa. Gure eskola ez zen Bagaza Colegio Nacionalean bukatzen askoz haruntzago luzatzen zen.
Izan eta sarritan sofritu genituen garai hartako maisuek ez zituzten jakin lotura emozionalak eta esperientziak aprobetxatzen, baina horiek izan ziren, zalantzarik gabe, konta daitezkeen prestakuntza-oinarririk onenak; horiexek dira behintzat noizean behin gure auzoan elkar topatzen dugunean Cosgayak, Verdugok, Romerok, Cregok eta seirok bereziki gogoratzen ditugunak.
Eta eskarmendu berbera bizi dute Trapagarango Burdinibarra BHIra goizero datozkigun neska-mutilok.
Aspalditik hitz egiten da hurbileko eskolaz. Nik gaur haratago joan nahi dut eta, elikaduran orain arte erabilitako esamolde bat kopiatuz, «0 kilometroko eskola bat» ere bultzatu, babestu beharko genukeela esan nahi izango nuke.
Eta ez bakarrik babesa ematea, baizik eta bere ingurunearekin, kokatzen den auzoarekin lan egitea eta ahalik eta etekin handiena ateratzea.
Oso errespetagarria iruditzen zait, baina zailtasun handiz ulertzen ditut seme-alabak goizero autobus batera igotzea erabakitzen duten familiek, beren auzotik eta baita herritik urrun dagoen ikastetxe batera joan daitezen.
Oinarrizko kontraesan bat dago hor: eskola, auzoko, komunitateko beste espazio hezitzaile bat gehiago baino ez da.
Komunitate horretatik urrunduz gero…