Xanti Begiristain Madotz I Auritz

Zuhaitzak eta arbolak

Garai batean entzuten zen zuhaitza zela basoko edo oihaneko landare handia, eta nolabait esateko, frutarik ematen ez zuena, konparaziora, zumarra, pagoa, haritza, eta abar. Eta, aldiz, frutak ematen dituztenak, haiek arbolak edota fruta arbolak omen ziren, esaterako, sagarrondoak, udareondoak, intxaurrondoak, aranondoak, eta abar. Baina, polemika horretan sartu gabe, ikusten duguna da izadia, natura, aste hauetan, latitude eta altitude hauetan lehertu egin dela udaberriaren etorrerarekin. Hiri, herri, landa-gune eta mendietan nabarmena da nola dagoen landaredi guztia indar betean.
    
Herri eta hirietan gaur egun, eta segur aski aspalditik, zuhaitz, zuhaixka eta mota askotako landare ugari jartzen dira, eta hori oso mesedegarria da, ez bakarrik izadiarentzat, baizik eta baita bizidun guztientzat ere. Zuhaitzek eta zuhaixkek gauza on asko ematen dituzte: egurra, zura, hostoak, abarrak, adaxkak (azken hauek konposta egin ahal izateko), itzala, oxigenoa, babesa pertsona eta animaliei, frutak, fruituak, estetika eta edertasun jakin batzuk, eta abar eta abar.
    
Hiriak aintzakotzat hartuta, neronek hobekien ezagutzen dudana, ziur asko, Iruñea izanen da. Baina, gai honetan, badaude bi kontu asko konbentzitzen ez nautenak, alegia, lehenengoa da, normalean bertako landaredia baztertu eta ezkutatu egiten duena, eta bigarrena, frutak eta fruituak ematen dituztenak, era berean ere, baztertu eta errefusatu egiten dituena.
    
Konparaziora, Iruñean oso zaila izaten da ikustea hemengo espezieak, esate baterako, pagoak, haritzak, astigarrak, zumarrak, izeiak, ler beltzak, ler gorriak, lizarrak, eta bat eta beste. Eta beste horrenbeste gertatzen da fruitu eta fruta arbolekin, hau da, Iruñean zaila gertatzen da ikustea, adibidez, intxaurrondoak, gaztainondoak (indigaztainondoak edo itsas gaztainondoak bai, horiek ugariak dira), hurritzak, sagarrondoak, udareondoak, aranondoak, gereziondoak, pikondoak, elorri beltzak, mahatsondoak, mahats-parrak, eta  abar.
    
Egia esateko, aitortu beharra dago, azken urte hauetan hasi naizela ikusten salbuespen batzuk, konparaziora, Etxabakoitz auzoan, Arga pasealekuan, Lezkairu eta Mutiloa artean, Sarrigurenen eta beste nonbait. Gainera, adierazi behar dut, azken berritasun hauek, niri behintzat, egundoko poza eman didatela.

Neronek, inolako eragozpenik gabe onartzen dut zuhaitz exotikoak landatzea eta baita fruta eta fruiturik ematen ez dituztenak ere, baina akats handia iruditzen zait horiek soilik birlandatzea. Zergatik ez, modu berean, bertako-bertakoak eta fruitu-frutak ematen dituztenak ere? Neronek oso onuragarri ikusten dut azken hauek ere landatzea herri, hiri eta auzoetan.
    
Inork, agian, esan lezake gizalege gabeko jende asko dagoela, eta, frutak eta fruituak hartzeagatik adarrak, zuhaitzak eta zuhaixkak berberak ere hautsi eta hondatu ahalko lituzketela pertsona horiek, baina nik uste dut hori ere alde positibotik begiratu eta hartu beharko genukeela, alegia, landare horiek denenak eta publikoak baldin badira, herritar gehienek ikasiko lukete pixkanaka-pixkanaka zuhaitzak-eta baloratzen, errespetatzen, zaintzen eta ez hartzen behar duten fruitu-fruta baino gehiago.
    
Uste dut gizaki gehienengan jarri ahal dugula konfiantza, gai hauetan ere, beste gai askotan jartzen dugun bezala-bezalaxe. Halaber, honek guztiak, iruditzen zait, herri, hiri eta auzoei nortasun eta izaera bereziak ematen dizkiela.

Recherche