Agenda aurrerakoiaren aldeko apustua Nafarroan

Hego Euskal Herrian urte politikoa hasi da, ñabardura ezberdinekin EAEn eta Nafarroan. EAEn, joan den asteko politika orokorreko osoko bilkuran Imanol Pradalesek egin zuen azterketaren eta proposatu zituen neurrien arteko aldeak ezaugarritzen du testuinguru politikoa. Izan ere, lehendakariak hodei beltzak ikusten ditu zerumugan, baina, hala ere, orain arte bezala jarraitzeko hautua egin zuen. Iruñean, bestalde, «Koldo auziaren» Nafarroako adarra deitutakoak eta ustelkeria kasuren bat gertatu ote den susmoak baldintzatzen dute urte politikoaren hastapena.

Nafarroako Ustelkeriaren aurkako Bulegoak (OANA) txosten bat argitaratu berri du, Antxon Alonso enpresariaren jabetzakoa den Servinabar enpresari esleitutako kontratuak aztertzen dituena. Enpresari hori Santos Cerdanen laguna da, eta «Koldo auziaren» ondorioz espetxeratu zuten PSOEko buruzagia. OANAk Servinabarri emandako sei kontzesio publiko azterturik, horietako hirutan irregulartasunak aurkitu ditu. Irregulartasun administratiboak dira funtsean, baina Oscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilaria eta Jose Mari Aierdi Geroa Baiko presidenteordea dira huts egite horien arduradun politikoak. Nolanahi ere, txostenak ez du aurkitu akats horiek ustelkeria kasu baten parte direla ziurtatzen duen ordainik. Dena den, ez da gutxietsi behar ustelkeria salaketen sendotasunik eza; izan ere, gaur egun, edozein huskeriak bide eman diezaioke kanpaina intoxikatzaile handi bati, batez ere, hasiera-hasieratik zorroztasunez eta gardentasunez jokatzen ez bada. Eta, bestalde, oraindik ikusteko dago ikerketa judizialak zer eman dezakeen.

Testuinguru politiko zail honetan, lawfare kasu bat izan edo ez, PSNk eta Geroa Baik gobernutik, eta EH Bilduk Parlamentutik, gobernu akordioak betetzen jarraitzearen alde hitz egin dute. Mundua ez da gelditu, eta beharrezkoa da herritarrei eragiten dieten arazoei erantzuten segitzea. Ezkerreko agenda aurrerakoi bat garatzea eta gauzatzea da errezeta hoberena, hodeitzar beltzei eta presio politiko, mediatiko eta judizialari aurre egiteko.

Recherche