Biktima guztiak, memoria guztiak

Aritxulegin egindako ekitaldi batean parte hartzeagatik atxilotu eta «terrorismoa gorestea» egotzi zieten lagunek, euren aurkako epaiketan, hildako ororen memoria eskubidea aldarrikatu zuten atzo. Lagun horiek atxilotu zituztenean, Barne Ministerio espainiarrak esan zuen hainbat hildakoren memoria gordetzeko asmoa zutela, eta «jarduera terrorista legitimatu» nahi zutela erantsi. Baina ez auzipetuek ez inork, ez epaiketan ez inoiz, ez dute halakorik esan, baizik eta Aritxulegikoak hildakoen sendiak eta hurkoek haien oroimenez egindako ekitaldi pribatuak zirela.

Madrilen jarrera argia da kasu honetan, beste askotan bezala, eta ulergarria haren interes politiko partidisten logikan. Ez du zalantzarik egiten memoria, biktimak eta behar duen guztia bere mesedetara erabiltzeko, baita aparatu judiziala ere, ustezko apologien eta irainen akusazioei sostengu juridikoa emateko, hainbat ekitaldiren egileek inoiz agertu ez dituzten asmoak leporatuz, adierazi gabeko pentsamenduak interpretatuz. Iaz Guardia Zibilak suntsitu egin zituen Aritxulegin hainbat hildakoren oroimenez landatutako zuhaitzak eta oroigarriak; hori ez al da argi eta garbi denen eskubidea den memoria iraintzea?

Herenegun, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok ere gogorarazi zuenez, denen eskubidea baita memoria. Norabide oneko mugimenduak sumatu ziren Memoriaren Eguneko zenbait adierazpen eta ekitalditan, biktima guztiak eta memoria aniztasuna aintzat hartzeko norabidean eginak; hala ere, oraindik ibilbidea osatu gabe. Zenbait hildakori dagokionez, nazioarteko irizpideak argudio, armak eskuetan hil direnak ez omen dira biktimak. Irizpide horiek ez dira kasu guztietan erabiltzen, ordea; esate baterako, Txabi Etxebarrieta ez dute biktimatzat jotzen baina bai Jose Pardines, biak ala biak armak eskuetan hil ziren arren –bigarrena legearen ordezkari zela esango dute, arrazoiz, diktadura baten legearen ordezkari–. Atzo hasi zen epaiketa dela-eta aukera ona zuen Institutu berri horrek herenegungo adierazpenei jarraitzeko.

Recherche