Botere egiturak arrakalatu, soldata arrakala amaitzeko

Lakuak gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala murrizteko hirugarren plana onartuko du irailean. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak iragarritakoaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2016an %24koa izatetik 2023an %12koa izatera pasatu da, eta hori «are gehiago murrizteko» ehun neurritik gora jaso dituzte. Haien hitzetan, 2030erako hiru herrialdeak soldata arrakala txikienetakoa duten Europako herrialdeen artean kokatzea da helburua.

Elgarrestak argitu zuenez, «%12ko zifra hori Europako batez bestekoaren azpitik badago ere, ez du esan nahi arazoa gaindituta dagoenik». Mugimendu feministak eta hainbat adituk, hain zuzen, arazo horren sakontasuna eta larritasuna azpimarratu dute behin eta berriz. Instituzioen eta patronalaren eskutik diskurtso nahiko baikorrak egiten badira ere, indizeen atzeko errealitateak injustua bezain egiturazkoa izaten jarraitzen baitu: sexuaren araberako lan, balio eta soldata banaketa ez da desagertu. Sektore feminizatuetako lanei maskulinizatuetakoei baino askoz balio txikiagoa aitortzen zaie, eta, ondorioz, soldata ere prekarioagoa da –1.500 eurotik behera kobratzen duten langileen hirutik bi emakumeak dira, askotan instituzio publikoek eurek azpikontratatutako enpresetan–. Gainera, zaintza lanen banaketa patriarkala dela medio, emakumeek egindako lanetako askok ez dute inolako ordainik jasotzen eta lan partzialik gehienak emakumeek hartu behar izaten dituzte beren gain. Jatorriaren araberako arrakala aintzat hartuz gero, emakume arrazializatuetan errealitatea are makurragoa da.

Horren aurrean, Emakundek neurri sorta bat iragarri du: formakuntzak, sentsibilizazioa, diagnostikoak, lan ikuskaritza indartzea... Lagungarriak izan daitezke, baina ez dira inondik ere aski. Izan ere, Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta mugimendu feministak aldarrikatu izan duten bezala, ezinbestekoa da arazoari errotik helduko dioten neurriak planteatzea ere: 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa, zaintza sistema publiko-komunitarioa, Atzerritartasun Legea desagerraraztea... Azken batean, soldata arrakala amai dadin, botere egiturak arrakalatu behar dira. 

Recherche