Debekuez harago, sare sozialen auzia denona da
Hamasei urtetik beherako australiarrek ezin dute legez sare sozialik erabili. Horrela ezartzen du aste honetan indarrean sartutako lege berri batek. Hori lortzeko, Facebook, Instagram, Tik Tok, Twitter, Youtube eta halako plataformak behartuta daude 16 urte baino gehiago dituztela frogatu ezin dutenen profilak ezabatzera. Egiten ez badute, 50 milioi dolarreko isunak ezarri ahalko dizkiete. Australia aitzindaria izan bada ere, sare sozialen eragina mugatzeko hausnarketa eta saiakerak mundu osoan daude martxan. Europar Parlamentuak plataformen erabilera mugatzea eskatu zuen azaroan.
Kontsentsua zabala da dagoeneko. Sare sozialen gehiegizko erabilerak gazteei kalte egiten diela ez du jada ia inork ukatzen. Europako zortzi herrialdetako ia 10.000 pertsonari galdetuta Cluster 17 demoskopia enpresak berriki kaleratu duen inkestaren arabera, horietatik %71 hamabost urtetik beherakoei sare sozialak debekatzearen alde daude, eta kontra, %25 soilik. Gai gutxik lortzen dute egun, kontinente honetan, hain adostasun zabala. Isolamendua, jazarpena, adikzioak, kontzentratzeko gaitasun eza eta antzekoak izaten dira argudio nagusiak. Ebidentzia nahikoa badago, osasun mental eta fisikorako arriskuak dituztela jakiteko. Baita, gaur egun eta behintzat gure inguruan, jarrera matxistak, xenofoboak eta ultraeskuindarrak elikatzen dituztela jakiteko ere, honetaz gutxiago hitz egiten bada ere.
Ekuazioaren beste aldean, soilik euren etekinak eta, batzuetan, euren mundu ikuskera ankerrak kontuan hartzen dituzten enpresa erraldoi arduragabeak daude. Kontuak ematera ohituta ez dauden korporazioak.
Egoera iraultzeko bidea debekua ote den eztabaida interesgarria da, arazo sozialak gutxitan konpondu izan baitira debekuen bidez. Baina afera zabalagoa da. 18 urtera arte debekatu, eta gero nahi bezainbat? Adingabeei kendu eta helduek eguna pantailan eman? Erregulazioa funtsezkoa da; enpresak ardura hartzera behartu beharra dago eta horretarako debekua lagungarri izan daiteke, palanka gisa, baina auzia soziala ere bada, denona, eta ez da konponduko legeen bidez soilik.