Dena ez dago irabazita, baina ezta galduta ere
Larrialdi klimatikoa, adimen artifizialaren garapen azkarra, mundu ordenaren berrantolaketa, energia baliabide urriagoengatiko lehia, hizkuntza ez-hegemonikoen desagerpena, patriarkatuaren berrarmatzea... Eudald Esplugak gaur GARAn azaltzen duen bezala, zibilizazio krisi betean, mehatxu existentzialak mahaigaineratzen ari dira eta horren aurrean marko jakina ari da nagusitzen: kolapsorantz goaz eta biziraupen lehia horretarako prestatu behar dugu.
Euskal Herrian ere marko horrek sekulako indarra du askotariko ezinak azaltzerakoan: «ez dago nazio kontzientziarik», «AAk gizatasuna desegingo du», «euskara inoiz egon den egoerarik zailenean dago», «gazteak sekula baino matxistagoak dira»... Esplugak dioen bezala, ukaezina da mehatxu larriak egon badaudela, baina horiek pentsatzerakoan ez dago zertan halabeharrezko kolapsoa suposatu. Lehenik eta behin, zorionez, errealitatea halako baieztapen orohartzaileak baino askoz konplexuagoa izaten delako: adibidez, patriarkatua ez da egungo gazteen arazo esklusiboa; are, horietako asko borroka feministaren abangoardia dira. Bigarrenik, aurretik egindako lanak eta lortutako konkistak ikusezin egiten dira horrela –besteak beste, Euskal Herria eta euskara hilzoritik berpiztu zuten militante guztiena–. Hirugarrenik, balizko kolapsoa, borrokatu beharreko eszenatoki posible bat beharrean, egitatetzat jotzen da, are aukera errealistagoa bihurtzeraino. Azkenik, biziraupen lehia horretan bakoitza bere interesen defentsan gotortzera bultzatzen da, eta, hala, esparru berriak irabazteko aukerak zailtzen dira.
Horren aurrean, esperantza aldarrikatzen du Esplugak. Ez esperoan egotea bezala ulertuta, ezta optimismorako dei inozo gisa ere, baizik eta ekintzarako elementu aktibo bezala. Zehazki, «garaipenik gabeko arrakastei» erreparatzea iradokitzen du, liburutegiak bezalako espazio postkapitalistek jada ondo funtzionatzen dutela frogatzeko, eta horiek zabaltzeko borrokak hauspotzeko. Euskal Herrirako ere inspiratzailea izan daiteke bide hori. Izan ere, erabateko garaipen eta askatasunik ez da lortu, baina bai, ordea, aztertu, aldarrikatu eta zabaldu behar diren dozenaka egitasmo eta konkista askatzaile.