Dogma neoliberalak oinarria galtzen ari dira

Portugaleko Gobernuak TAP airelinearen erreskatean parte hartze zuzena izatea erabaki du. Hemendik aurrera, kapitalaren %72,5 jabetza publikokoa izango da. Horrela, airelinea portugaldarra kudeaketa publikora bueltatuko da, orain dela bost urteko pribatizazioari buelta emanez. Orduan, zor publikoa gutxitzeko aitzakiapean saldu baldin bazen enpresa, gaur egun ondorizta daiteke erabaki hark ez zuela emaitza onik ekarri, ez enpresaren kudeaketaren ikuspuntutik, ezta Portugaleko ekonomiaren ikuspuntutik ere. Garai hartan sektore publikoak jasotako baliabideak, konpainia berean inbertitu behar izan ditu orain berriro Gobernuak.
Krisi honetan Portugalekoa ez da erreskatatu den korporazio bakarra izan. Estatuek airelinea asko kontrolpean hartu behar izan dituzte: Alitalia %100ean Estatuarena da eta Alemaniako Gobernuak Lufthansaren %20 bereganatu du. Beste estatu batzuek, aldiz, aire-konpainiei zuzeneko laguntzak bideratu dizkiete, besteak beste, Estatu frantsesak Air Franceri, Herbehereek KLMri eta Norvegiak Norwegiani. Krisiari aurre egiteko, airelineak bezala, hegazkinak egiten dituzten enpresek ere estatu laguntzak jaso dituzte, esate baterako, Airbusek Europan eta Boingek AEBetan. Eta beste sektore ekonomiko batzuetako korporazio handiek ere jaso dituzte estatu laguntzak.
Bat-batean, aurreiritzi ideologiko guztiak albo batera utzi dituzte gobernuek eta bidea ireki dute administrazio publikoa zuzenean enpreson gestio ekonomikoan aritzeko. Luzaro esentzia neoliberalen zaindari izan den Europar Batasunak ere, eten egin du estatu laguntzak emateko debekua. Eta momentuz, aukera horretaz gehien baliatu den Estatua Alemania izan da. Sektore publikoak ekonomian zuzenean parte hartzea edota estatu laguntzak bideratzea ez dira erabaki ekonomikoak, politikoak baizik. Eta hilabeteotan korporazio handien inguruan hartutako erabakiek izaera politiko hori berretsi dute. Bueltatuko dira betiko dogma neoliberalekin, baina bada zeri heldu.

Recherche