Egoera ordez, berdintasuna normalizatu behar da
Duela hiru hamarkada, emakume talde batek Irungo Udalari eskatu zion ordenantza aldatzeko, emakumeek ere –nahi zuen orok– alardean parte hartu ahal izateko. Emakume haiei alardea deuseztatu nahi izatea leporatu zieten; aitzitik, alarde bidezkoa izan zedin nahi zuten, guztientzako festak nahi zituzten, eta hala nahi dute gaur egun alarde parekidean parte hartzen dutenek. 30 urtean nahigabe latzak igarota, atzo jaia berdintasunean ospatzearen aldeko hamalau konpainia atera ziren, 2.400 lagunek osatuak, betiko eskaera berrituta: Udalak alarde ezinbestean parekidea antola dezala.
Gero eta jende gehiagok parte hartzen du Irungo alardean; lehen plastiko beltzezko harresiak zeuden kale alboetan, orain txaloak dira nagusi, urtean baino urtean gehiago, oraindik purrustadaren bat falta ez bada ere. Aurrera egin du alarde parekidearen aldeko borrokak, nabarmen; hala ere, borroka hori ez zen abiatu bigarren mailako desfile batean parte hartu ahal izateko, baizik eta herriko festa nagusiak denek berdintasunean ospatu ahal izateko. Beraz, duela 30 urte hasitako borroka ez da amaitu; bai, ordea, indartu.
Gauzak patxadaz egin beharra dagoela entzuten da urtez urte, aldaketetara egokitzeko denbora behar dela. Baina 30 urte sobera denbora da. Alarde baztertzailearen aldekoek hamarkada askoan festaz jabetu eta nork eta nola parte har dezakeen erabaki izan dute. Edonola ere, inork ez die eskatzen beren eskubideei uko egiteko, baizik eta besteren, emakumeen, eskubideak ukatzeari utz diezaiotela.
Herriko jaiak partekatzeko agertoki aproposa dira; poza, jakina, eta hainbat balio, hala nola berdintasuna, hain zuzen, gaur egun pentsaera atzerakoienek baino baztertzen ez dituzten balioak, eta erakunde publikoek aldeztu eta sustatu behar dituztenak. Balio horien kontrakoek gatazka luzatu nahi dute, ez dute onartu nahi bazterkeriaren denbora igaro dela, beren denbora igaro dela. Horregatik, Udaleko arduradunek ezin dute balkoira agertu auzia konponduta balego bezala. Alarde publiko eta parekidearen aldeko jarrera argia erakutsi behar dute, egoera normalizatzen utzi gabe, ez baita normala.