Egungo sare sozialak ez dira agora neutral bat
Hamasei urtetik beherako adingabeei sare sozialak debekatzeko Pedro Sanchezen iragarpenak hautsak harrotu ditu. X plataformaren jabe Elon Muskek, bere ohiko tonuan, presidente espainola iraindu eta «faxista» deitu zion. Ezohikoagoa izan zen Telegramen jabe Pavel Durov-en mezu politiko gogorra, Estatu espainolean dituen zortzi milioi erabiltzaileei bere sarearen bidez bidali ziena. Plataforma hauen bidez, besteak beste, dirutza pilatzen duten oligarkek debekuaren aurka egin dute, zer eta denon askatasunaren izenean.
Eztabaidak ertz asko ditu, eta testuingurua ezin da ahaztu: Diputatuen Kongresuan duen gehiengo hauskorrak eragiten dion higadura efektu kolpeekin orekatzen saiatzen da Sanchez. Bide horretan, Muskekin eta Durovekin polarizatzeak oxigenoa ematen dio Moncloako maizterrari.
Sare sozialak arautu eta horien estrategia harrapakariei mugak jarri behar zaizkiela argi dago. Adostasun zabala dago horren inguruan, baita Euskal Herrian ere. Izan ere, ikerketa gehiago behar diren arren, bistakoa da sare sozialen egungo erabilerak –beste faktore batzuekin batera– arazo larriak sor ditzakeela. Hori horrela da haur eta nerabeen kasuan, osasun mentalari begiratuta, baina baita helduen kasuan ere, desinformazioak eta gezurrek eztabaida politiko orokorra kaltetzen dutelako. Iragarritako debekuak, ordea, zalantzak sor ditzake, adingabeetan jartzen duelako fokua, sareen ardura disolbatuz, paternalismotik asko duelako, eta zaila dirudielako 16 urtera arte debekua efektibo egitea, gizartearen gainerakoak ohiko erabilerarekin jarraitzen duen bitartean. Auzia ez da adingabeetara mugatzen, gizarte osoari dagokio.
Ongi etorria eztabaida, edonola ere, argi baitago zerbait egin behar dela. Hori bai, minimo batzuetatik abiatu behar da. Oinarrizkoena: sareen jabeek aurkezten duten agora zibilizatu eta librearen irudia haustea, eta ozen esatea, plataforma hauek ez direla neutralak, asko inbertitzen dutela erabiltzaileak pantailara kateatzeko estrategiak garatzen, eta arrisku bat direla bai haur eta nerabeentzat, baita bizikidetza eta eztabaida politiko sano baterako ere.