Erabakiei bide eman behar zaie erabakigarriak izateko

PSEk bere hamargarren Kongresua egin du asteburu honetan Donostiako Kursaalen. Pedro Sanchez eta PSOEko gainerako buruzagi nagusien gerizpean, alderdiko delegatuak elkartu dira eta babes zabala eman diote aurreko buruzagitza eraberrituari. Honenbestez, Eneko Anduezak eta bere inguru hurbilak bigarren agintaldiari ekin dio, PSE jada «Euskadiren etorkizuna erabakitzen duen indarra» dela adieraziz eta gerora berori «gidatuko duen alderdia» izango dela iragarriz.

Hala izango bada, PSEk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zer paper jokatu nahi duen erabaki beharko du aurrez. Izan ere, momentuz behintzat, bere obsesio «identitario» partikularrei eutsiz jarraitzen dute Anduezak eta enparauek. Batetik, hizkuntza eta identitate espainolaren nagusikerian. «Abenturei atea itxi» eta euskal politika «arrazionaltasunean» kokatzeko apustua egin du asteburu honetan ere. Alabaina, euskal herritarren gehiengoari etorkizuna erabakitzeko eskubidea galaraztea ez da oso arrazoizkoa, ezta bertako ikasleei gutxienez bi hizkuntza koofizialak menderatzeko aukera ebastea ere. Alde horretatik, «Euskadiren etorkizuna» gaur-gaurkoz erabakitzen du, bai, baina ez indar erabakigarriena delako, baizik eta euskal herritarren gehiengoaren erabakiak ezintzeko beto gaitasuna duelako Konstituzioz. Bestetik, ezker independentistarekiko herran tematuta jarraitzen du. Horrek politika publikoak eta «progresoa» nabarmen mugatzen ditu, eta PSE kontraesan argietan kateatzen du: nola izango da (ultra)eskuinaren aurkako berme bakarra, baldin eta ezkerreko indar nagusiari ateak ixteko gobernuak adosten baditu PPrekin? Gainera, gotortuta, PSEk berak ere ezin du zabaldu. Azken hauteskunde zikloan bezala, gehienez ere eutsi egin dezake, titular arranditsuak gorabehera.

«Lehenengo galdetu behar da zer den onena herriarentzat, gero zer den onena alderdiarentzat, eta azkenik zer de onena gutako bakoitzarentzat», zioen Anduezak. Etorkizunerako oinarri egokia izan daiteke, baina herria erdigunean kokatuko bada, honen gaitasunei eta erabakiei bide eman beharko zaie, ez galgatu edo oztopatu. Orain eta hemen, horixe da erronka.

Recherche