Eraso sexisten aurkako kohesioa, ezinbestekoa

Uda honetan, euskal herrietako jaien testuinguruan hainbat eraso sexistaren salaketak izan dira. Asko, ezin baita inoiz gutxi izan direla esan, bakar bat gertatzea ere gehiegi baita. Asko eta onartezinak, jaietatik kanpo zein jai giroan, jaia –askatasun gunea bada ere– ez baita inondik inora inoren askatasuna murrizteko lizentzia edo aitzakia. Hala ere, onartu beharra dago, zorionez, gizarte kontzientziazioaren arloan nabarmen aurrera egin dela, eta eragileen konpromisoa gero eta handiagoa dela berdintasunaren aldeko eta eraso sexisten aurkako borrokan, herri mugimendutik erakunde publikoetara. Gauza bera sumatzen da argiro herritarren parte-hartzeari dagokionez, Iruñean eta Baionan erasoen aurkako elkarretaratzeek erakutsi zuten bezala.

Gasteizen ere nabaritu da konpromiso hori, eta hura gauzatzeko elkarlana, horren erakusgarri da blusa eta neskek mugimendu feministarekin batera sinatu zuten protokoloa, borroka horrek behar duen eraginkortasunaren bila. Zoritxarrez, ordea, hain beharrezkoa den kohesioa hutsaren hurrengo bihurtu da azken egunotan. Eraso bati emandako erantzunak hainbat blusa eta neskaren eta mugimendu feministaren arteko ika-mika eragin du –hala nola blusa eta nesken kuadrillen arteko zatiketa– elkarren aurkako protesta ekintzak antolatzeraino. Jaien hasieran nabarmendu zen jarrera eredugarri hura neska eta blusen Batzordearen eta mugimendu feministaren arteko ika-mikak ordeztu du. Honek arreta bereganatu, giroa zapuztu eta helburua bigarren mailan utzi du. Izan ere, igandean emakumeen aurkako hiru eraso sexista larri gertatu ziren Gasteizen, eta denek batera erakutsi beharreko arbuioari polemika hori nagusitu zitzaion.

Gertatutakoak ez dio emakumeen eskubideen aldeko borrokari laguntzen, oztopatu baizik. Eta hausnarketa pausatua eragin beharko luke; izan ere, horretatik ere bada zer ikasi. Elkarlana, esan bezala, ezinbestekoa da, eta eraginkorra izan dadin, helburura gerturatzeko tresna behar du izan. Helburua argi dago. Bitartekoak?

Recherche