Ertzaintza arazo da, Lakuarentzat ere bai
Euspel sindikatuak bere egin zuen Ertzainak Borrokan plataforma «asindikalaren» ildoa eta Ertzaintzako hauteskundeak irabazi ditu. Garaipen horrek berretsi du oro har Polizia horretan aspaldi nagusi den joera larderiatsua. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrengandik oso urrun eta Estatu espainolean nabarmen gorantz egin duen sektore politiko batengandik hurbilago dagoen joera, alegia, bereziki sindikatu horrek ordezkatzen duena eta Brigada Mugikorrean duena sustengu handiena, istiluei aurre egiten dieten polizien artean, hain zuzen.
Jendartearengandik oso urrun dagoen jarrera du Ertzaintzak arlo guztietan. Esate baterako, lan munduan, aisialdian edo euskarari dagokionez, eta arlo guztietan eragin izan dituen arazoak, oso maiz larriak, ez dira salbuespen. Ezin esan Iñigo Cabacasen heriotza salbuespena izan zenik, are gutxiago epaileak Amaia Zabarteren auzia hala moduz itxi berritan, Iker Aranaren kasua argitzeko eskatzen ari direnean herritarrak, duela egun batzuk Aritz Ibarraren auzian ertzainen kontakizuna entzunda edota beste hainbat kasuren berri izanda. Guztietan, ikerketa oztopatzea izan da Ertzaintzaren ahalegina, egia ezkutatzea, inpunitatea berez dagokien eskubidea balitz bezala. Beren lan eskubideak defendatzen dituztela diote, baina ez dute zalantzarik egiten borrokan ari diren langileen aurka modu basatian oldartzeko, kasu horretan aginduak arduratsu betez, edo «mozal legea» aplikatzeko, Legebiltzarraren erabakiaren aurka bada ere. Beren eskubideak aldarrikatzen dituzte, betiere, hori bai, herritarren eskubideen gainetik.
Ibone Bengoetxea lehendakariordeak atzo esan zuen ez dagoela kezkatuta, beharbada hori esan behar duela pentsatzen duelako, baina Lakuako Gobernuak kezkatuta egoteko motiboak baditu. Polizia horrek jarduten duen lurraldeetako herritarrentzat, arazo nabarmena da Ertzaintza; beraz, Lakuaren arazoa ere bada, eta Euspelen garaipena arazo horren berrespena baino ez da. Lakuako arduradunek ez dute ikusi edo ez dute ikusi nahi izan, eta eskuetatik joan zaie; horrenbestez, ez ikusia egiten jarraitu ordez, hala onartu beharko lukete. Ez litzateke arazoa konponbidean jartzeko abiapuntu txarra izango.