Espoliazioa are eta zentzugabeagoa da orain
27/04/2020

Koronabirusaren aurrean erakunde publikoek enpresak nola babestu ditzaketen eztabaidatzen ari da orain. Logikoa da, pandemiak enpresetan, langileen artean eta, orokorrean, Euskal Herriaren bizitza sozioekonomikoan eragingo dituen kalteak handiak eta larriak izango direlako. Dagoeneko izaten ari direlako. Logika guztien aurkakoa da, ordea, aldi berean GARAk “Egin”-en itxiera ilegalaren ondoren egotzi zioten zorra ordaindu behar izatea. Izan ere, aurreko astean, komunikabide honek beste milioi erdi euro ordaindu zizkion espainiar Gizarte Segurantzari. Euskal jendartearen eta gure komunitatearen babesaz, jada bi milioi euro ordaindu dira. Milioi bat falta da, urtebeteko epean ordaindu beharko dena. Edonondik begiratuta, barbaridadea da.

GARAren espoliazioa beti izan da logika guztien aurkakoa. Demokraziaren eta askatasunaren logikaren arabera, esan nahi da. Bidegabekeria hau euskal gatazka politikoaren aurreko garaien ajea zela argi dago. Jose Maria Aznarrek eta Baltasar Garzonek euskal prentsa independentearen aurka martxan jarritako estrategiaren azken ondorio gisa uler zitekeen, hain zuzen. “Egin” 1998an itxi zuten arren, GARAren aurkako amarru honen jatorria 2003an dago, “Egunkaria” itxi zuten urtean bertan. GARAk hamasei urte igaro zituen ordainketen etenduran, zaintza judizial etengabean, guztiz baldintzatuta, zamatuta.

2019an, espainiar Gobernuak, beren tribunal bereziek egunkari baten itxiera ilegalagatik eragindako kaltea ordaindu beharrean, zor bidegabe hori kobratu nahi izatea gehiegikeria bazen, koronabirusaren krisiak sortu duen baldintzotan zor hori mantentzea are zentzugabeagoa da. Euskal administrazioek zerbait esan beharko lukete egoera honen aurrean. Beste edozein enpresak horrelako zigor bat jasango balu, esango lukete. Neurriak hartuko lituzkete, ziur asko. Euskal enpresen defentsa egitea beren balio nagusi gisa kokatzen dutenek ez baitute enpresa guztiekin berdin jokatzen. Eta hori ere, ez da justua

Articles
Iñaki Egaña
08/08/2020
Karlos Gorrindo Etxeandia
08/08/2020
Sabino Cuadra Lasarte
07/08/2020
Pablo Lorente Zapatería
07/08/2020
Lettres
Enric Vivanco Fontquerni | Barcelona
07/08/2020
Goio González | Afiliado a CGT-LKN Nafarroa
05/08/2020
Juan José Dapousa Garma | Bilbo
05/08/2020
Jesús María Aragón Samanes | Secretario General Federal del Partido Carlista
05/08/2020
Derniers posts
Fito Rodriguez
06/08/2020
Koldo Campos
04/08/2020