Etorkizun hobe eta sano baten mesedetan

Leitzako Herri Aretoa jendez leporaino bete zen atzo “Tortura Mendialdean” aitortza ekitaldian, Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zor fundazioak bultzatutako hitzorduan; haur eta heldu, adin guztietako lagunak, eskuz aldatzen denean bizi baita soilik memoria, belaunaldi batek bizitakoa beste batek ulertu eta bere egitean. Bertan, –erraz idazten da– Euskal Herrian 5.000 torturatutik gora daudela eta Nafarroako Mendialdean 50 kasu baino gehiago identifikatu dituztela oroitu zuten. Badira sendatu egiten diren hautsitako hezurren moduko zauriak. Arima zartatuak, ordea, ez dira erraz osatzen. Zauriok bestelakoak dira. Bizitza ez ohi da berdina izaten jasan dituztenentzat. Ezta beren familia eta lagunentzat ere. Ezagutu zuten infernutik bueltatu, sufritu zuten tormentua pasatu, eta gerora ere hor segitzen dute: leku intimoetan eragindako botere erakustaldi makur, herri baten kontrako biolentzia mekanizatu baten oroigarri.

Gure testuinguru geografikoan ez dago beste estaturik, hamarkadetan zehar bi erregimen eta tartean trantsizio bat izan eta hain modu sistematiko eta zigorgabean lurralde jakin bateko populazio zehatz baten kontra tortura hain masiboki erabili duenik. Euskal Herrian tortura ez baita izan praktika krudel eta aberrantea soilik. Jazarpen eta terrore sistema bat izan da, ezkerreko komunitate abertzalea umiliatu eta gizatasunez hustu nahi izan duena, bere indarren gaineko konfiantzaz hustu eta bere borondate kolektiboa akabatzeko asmoz. 

Muturreko sufrimendua eragin dieten milaka herritar horiek urteetan eraso zital baten pean eta elkarbizitza parametro arrunt edo arrazional orotik kanpo egon den gizarte bat gorpuztu dute. Torturatuek, urte luzez eta askotan bakardadean, borrokarekin bultzatu duten egia ezaguna eta, nolabait, ofiziala da egun. Ez dute mendekurik nahi; egia jakin dadila, aitor dadila eta eurek bizitakoa beste inork ez dezala bizi nahi dute. Kategoria pertsonal handia erakutsi dute. Gainditze ahalegin pertsonal eta aitortza ekimen horiek, atzo Leitzan bezala beti eta nonahi, maila komunitariora, herri gogoaren altzora, igotzen jarraitu beharra dago. Etorkizun sano eta hobe baten mesedetan. 

Recherche